GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Antizikloiaren erregetza


Jende askoren ahotan dabil azkenaldian egun eguzkitsu asko izaten ari garela, izotz asko eta elur gutxi egin duela, etab. Baina, hain ezohikoa al da eguraldi hau urtarrilean? Ba ez, eguraldi mota hau urtarrilean askotan izan da. Zein den arrazoia? Antizikloi burugogor bat.

Pare bat egun kenduta, antizikloiak bere kokagunea gure inguruan ezarri du, erdigunea zertxobait iparralderago kokatuz, eta handik gutxi-asko ipar-ekialdeko haizea bultzarazi du gugana eta erdi-mailako geruzetan aire nahiko freskoa ezarri du. Horrekin egun eguzkitsuak ziurtatu ditu, batere hodeirik gabekoak, ipar-ekialdeko haize horrek hezetasun gutxi ekarri baitu guregana.

Gainera, izotz egun asko izaten ari gara. Azken urteetako kopuru handiena bai. Antizikloiak gauetan, eguzki irradiaziorik ez denean, pisu handiena duen airea, kasu honetan hotza, haran hondoetara eramaten du eta arinagoa den airea, beroa, goietara joaten da, alderantzikatze termikoa gertatzen delarik. Horrela, tenperatura hotzenak haran hondoetan izaten dira, txoko askotan izotza utziz.

Jendea kezkaz da honek luzaroan iraungo ote duen. Ez dirudi hala izango denik. Datorren astean kaskarraldia izango du eguraldiak eta hortik aurrera badirudi antizikloiaren erregetza kolokan egongo dela. Piezak ongi kokatzen badira, benetako negu giroak izango ditugulakoan nago. Elur zaleok, pazientzia!