J.O.
PILOTA

Binakako txapelketako lidergoa jokoan izango da Hendaian

Binakako txapelketa bere une interesgarrienean sartzera doa enpresa desberdinetako pilotarien arteko azken lau jardunaldiekin, eta azken txanpa horri ekiteko zer hobea lidergoa jokoan egongo den partida baino. Azken bi partidak galduta, Elezkano-Zabaletak ez dirudite horren garaiezinak eta gaur Hendaian nagusituta puntutan berdinduko lituzkete Laso-Imaz.

Baikokoak ere azken asteburuan 22ra heldu ezinda geratu ziren eta, alde horretatik, bi bikoteek izango dute berriz ere garaipenen bidera itzultzeko grina.

Pilotaleku oso bizia

Horretarako, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuko lur azkarrera ondo moldatzeak berebiziko garrantzia izango du. Lapurdiko herrikoa izango da, seguru asko, zirkuituko pilotaleku azkarrena eta, hortaz, erasoko jokoak garrantzi handia hartzen du, defendatzea oso zaila izaten da eta.

Zabaletak esana du asko gustatzen zaion kantxa dela, baina Unai Lasoren joko oldarkorrarentzat ere ez dirudi toki txarra.