Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Covidaren erruz, Baskonia bajaz beteta doa Atenasera

Koronabirusaren erasanak Tadas Sedekerskis jo du, aurrez Arturs Kurucs edo Alec Peters bezala.

«Lesioak eta covid-19 kasuak badarabiltzagu ahotan, badirudi aitzakia bila ari garela. Ez naiz aitzakiak bilatu zalea eta besteek ere antzeko arazoak dituzte», adierazi zuen Neven Spahija Bitci Baskoniako entrenatzaileak Gasteiztik Atenasera abiatu aurretxoan. Grezia astindu duten elurteak atzean lagata, gasteiztarrek Panathinaikosen kantxan jokatuko dute gaur, 20.00etan, nahiz eta koronabirusaren erruz taldeak baja askorekin bidaiatu zuen atzo eguerdian.

Aurrez Alec Peters eta Arturs Kurucs jo zituen covid-19ak eta gaur gauerako, berriz, Tadas Sedekerskis. Hala, hiru jokalari horiek gabe konpondu beharko du Neven Spahijak Panathinaikosen kantxan.

Hori gutxi ez eta, ikusteko dago Vanja Mainkovic jokatzeko moduan egongo den ala ez. Joan den igandean San Pablo Burgosen aurka ez zuen kantxara atera bere entrenatzaileak, nahiz eta berrogeialdia pasatuta jokatzeko moduan zegoen serbiarra. Hala, zortzi jokalari baino ez zituen erabili Spahijak. Ikusi egin behar gaur zazpirekin jokatzea erabakitzen duen entrenatzaile kroaziarrak ala Marinkovici aukerarik emango dion.

Azken-aurreko trena

Garai baten OAKA kiroldegian Panathinaikos eta Baskoniaren arteko norgehiagokak ikustekoak ziren. Hain zuzen, 2007ko Final Fourreko finalerdietako bat jokatu zuten talde hauek biek. Baina ordutik hona klub hauek egun ilunagoak ezagutu dituzte.

Panathinaikosek 2007, 2009 eta 2011ko Euroligak eskuratu zituen, Zeljko Obradovic handia entrenatzaile zutela eta Dimitris Diamantidis antolatzaile ohia kapitain eta buruzagi. Oraingo Panathinaikos, ordea, Euroligako azken-aurrekoa da, 4-15 balantze tristearekin. Hori gutxi ez eta Kendrick Perry asteon joan zaie greziarrei, eta Stefan Jovic antolatzailea etorri arren, ez dirudi aurten atarramentu handirik aterako dutenik.

«Ez daude agian unerik onenean, baina Panathinaikosek etxean beti gogor jokatzen du», gogorarazi zuen Spahijak Atenaserantz abiatu aurretik.

Dena den, Sibenikeko entrenatzaileari bere taldearen eginbeharra axola zaio batik bat. «Edozein talde bat eginda badago, galduta ere ikasi egiten du zer egiten ari den txarto, eta azkenean aurrera ateratzen da», adierazi zuen Spahijak.

Saski Baskonia, berriz, 7-13ko balantzearekin dabil eta gauzak asko okertu zitzaizkion pasa den astean Municheko Bayernen aurka galduta. Alabaina, Top 8ra hurbiltzeko aukerei eutsi egin behar zaie, aukerarik den artean. Uneotan, zortzigarren postua hiru garaipenera du talde gasteiztarrak.

Azkenik, fitxaketei atea ia zeharo itxi zien Spahijak. «NBA 10 eguneko kontratuak ari da egiten eta osterantzean, fitxatze hutsagatik inor ekartzea ez du merezi. Hobe harrobiko norbaiti aukera ematea», bota zuen.

Covid-19 kasuak Bilbon eta Burgosen

Saski Baskoniak dagoeneko jakin beharko zukeen Lenovo Tenerifek Burgosen atzo irabazi ala galdu egin zuen, baina partida gaur arratsaldeko 18.00ak arte atzeratu dute. Izan ere, San Pablo Burgos taldean covid-19 kasu bat atzeman zuten atzo eta proba gehigarriak egin zituzten.

Jakina da Tenerifeko taldeak Burgosen eta etxean Valentzia Basketen aurka galduz gero, Saski Baskonia Koparako sailkatuko litzatekeela, baita partida bat irabazita ere, baina egun duen puntu aldea –Baskoniarekin berdinduta dago zentzu horretan– +14 baino txikiagoa izango balitz. Kontrako kasuetan, gasteiztarrak Kopatik at geratuko lirateke.

Surne Bilbao Basketi dagokionez, igande eguerdian Unicajaren aurka jokatu behar du, baina zalantzan dago partida, talde bilbotarreko jokalari batek –klubak ez zuen izenik eman– covid-19arekin positibo eman baitzuen. Jokalariek proba gehigarriak bete behar izan zituzten domekako norgehiagokari begira. A. G.