EDITORIALA
EDITORIALA

Gasteizek nahi ez duena ikertuko du Europak

Europar Parlamentuko Eskaera Batzordeak aho batez erabaki zuen, atzo, Lakuako Gobernuari informazio gehigarria eskatzea Zaldibarko zabortegiaren kolapsoari buruz, bertan bi langile hil zirela-eta. Era berean, Europako Batzordeari eskatu zion orain arte bildutako informazio guztia eta bere ikerketaren ondorioen txosten zehatza emateko. Badirudi Europar Parlamentuak serio hartu duela Zaldibarko zabortegian gertatutakoari buruzko ikerketa.

Erabaki horrek Ermuko San Lorentzo Auzo Elkartearen, Zaldibar Argitu herri plataformaren eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartearen eskaera bati erantzuten dio. Elkarte horiek Europar Batasuneko hondakinen kudeaketari eta zabortegiei buruzko arauen balizko urraketari buruzko ikerketa independente bat egin dadila eskatzen dute. Balizko irregulartasunengatik edo zabortegi horren jardueraren kontrolean ardurarik ez izateagatik izan daitezkeen erantzukizun politikoak ebaztea, hain zuzen. Oso deigarria da horrelako ikerketa bat Europar Parlamentuan egin behar izatea eta EAEko gobernuak urrats bakarra ez ematea gertatutakoa argitzeko. EAJk eta PSEk antzeko batzorde bat sortzeari uko egin zioten, eta erabaki horrek argi uzten du eurentzat Legebiltzarrean gehiengoa izateak zertarako balio duen: arduradun politikoek beren kudeaketaren gaineko kontuak eman beharrik ez izateko. Bestalde, ez da harritzekoa EAJk eta PSEk agertu duten jarrera, Zaldibarren gertatu zenaren arduradun politiko nagusiak, Iñaki Arriolak, Iñigo Urkulluren gobernuan jarraitzen baitu.

Europar Parlamentuaren erabakiak argi uzten du gizarte-erakundeek eta auzo-elkarteek egiten duten borrokak garrantzia duela. Dinamika herrikoi horiek gertaerak argitzeko eta erantzukizun politikoak eskatzeko baliagarriak dira. Era berean, beren onura partikularrari soilik begiratzen dioten ekimen pribatuen ondorio gaizto eta askotan kaltegarriak zuzentzen eta gutxitzen laguntzen dute. Gizarte demokratikoaren ezinbesteko osagaia dira.