Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA
SISTIAGARI ATZERA BEGIRAKOA ESKAINI DIO

Natura inspirazio-iturri

90 urte beteko ditu maiatzean Jose Antonio Sistiagak eta izurria iritsi arte bere sormen bulkadak ez du etenik izan. Hamarkada luzez ondutako ehun lanetik gora aurkituko ditu bisitariak Kubo Kutxa aretoan. Margolanak, obra grafikoa eta filmak, bere ibilbide emankorraren isla. Eta inspirazio-iturri nagusi, izadia.

Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) atzera begirako erakusketak gaur irekiko ditu ateak Kubo Kutxa aretoan. Artistaren ibilbide luze bezain emankorra bertatik bertara ikusi ahalko da “De rerum natura” erakusketan. Margolanak, lan grafikoak eta filmak, munduari jakin-minez begiratu dion artistaren eskutik.

Denera ehun piezatik gora aukeratu ditu Jean-Michel Bouhours komisarioak. Pompidou Zentroko kontserbatzaile-burua izan zen 1992tik 2003ra eta Arte Moderno sailaren kontserbatzaile-burua, 2008tik 2017ra; freelance komisarioa da zentro berean 2017az geroztik.

Sistiaga bera eta honen seme Gorka izan ditu alboan. Azken hau izan da Ziburuko familiaren etxean aspalditik gordeta zeuden hainbat artelani hautsa kendu diena. «Urteak egin dituzte pilatuta. Banekien non zeuden, baina ez nekien zehazki zer ziren eta erakusketa honen aitzakian hasi naiz bata eta bestea arakatzen», azaldu zion atzo GARAri hedabideen aurreko aurkezpenean.

Jean-Michel Bouhours eta Gorka Sistiagarekin batera Ander Aizpurua –Kutxa Fundazioko zuzendaria– eta Ane Abalde –Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria– egon ziren ekitaldian. Sistiaga bera izango zela iragarrita zegoen atzoko ekitaldian, baina azkenean ez zen Donostian izan. 90 urte beteko ditu maiatzean eta nahiago izan zuen etxeko epelean geratu. Gorka Sistiaga pozik agertu zen aurkezpenean, baita Kutxa Kuboko arduradunak ere.

Oso gazte zela erakutsi zuen Sistiagak artearekiko zaletasuna. Bizitza osoan ez dio sortzeari utzi eta izurriaren aurretik egunero egiten zuen autoa hartu eta Ziburutik Irungo estudiorako bidea.

Iturri oso desberdinetatik edan zuen eta horren isla da maiatzaren 22ra arte zabalik izango den erakusketa. «Margoa ez da bizimodua izan niretzat, bizitza bera baizik». Horrela adierazi zion GARAri 2016an eskaini zion elkarrizketa batean. «Garai batzuetan salbazio taula izan zen; estudioan sartu eta gainontzeko denaz isolatzen nintzen», aitortu zuen orduko hartan.

Figurazioa, abstrakzioa, inpresionismoa, espresionismoa... hainbat korronte artistikorekin bat egin zuen donostiar artistak eta badu bere lanak beti presente egon den ezaugarria, naturarekiko lotura. Hortik dator erakusketaren izenburua bera. «Sistiagak naturarekiko duen kezka iraunkorra erakutsi nahi da, artistak naturarekiko lotura erromantiko bat baitauka, naturaren edertasunean eta indarrean oinarritua», azaldu dute Kubo Kutxa aretoaren arduradunek.

Autodidakta izanik, ikerketari lotua dago donostiar artistak egindako bidea. Ekialdeko filosofiatik edan du bere ibilbide osoan. Unean-unean nazioarteko korronte artistikoei erantzunez betiere, –pop artearen eragina duen obra ere ikus daiteke–, elkarrengandik urrun zeuden bide artistikoak jorratu zituen momentu berean.

Sei areto

Irakurketa berria proposatzen du erakusketak. Sei aretotan banatuta dago, ordena kronologikoari segika. Modu honetan bisitariak artistaren sorkuntza-garai guztiak azter ditzake, baita erabilitako material eta teknika aniztasuna ikusi ere.

1954tik 1964ra doa lehen garaia. Paisaiari lotutako margoak dira gehienak. Izan ere, paisaiaren kontzeptutik beretik garatu zuen Sistiagak bere lengoia abstraktua. Bilaketa garaia da.

“Donostia vista desde Amara” izan zen 1947an, 15 urte eskasekin, egin zuen lehen margoa. Lan honek egiten dio ongietorria bisitariari Kursaaleko erakusketan.

Ondoan ageri dira “Jardin des Tulleries” eta “Paisaje vizcaino” Kandisnkyren lan koloretsuetan garbi inspiratuak, biak 1956an eginak. Ohiko zuen Sistiagak garai hartan San Telmo museora hurbildu eta bertako gustuko obrak kopiatzea.

Obra grafikoak ere garrantzia izan du Sistiagaren ekoizpenean. Hurrengo gelan ikus daiteke. Jardun grafiko nabarmena izan zuen urte haietan, Paris, Ibiza, Donostia eta Donibane Lohizunen eginiko egonaldien eraginez, batetik bestera ibiltzeko errazagoa zitzaiolako, segur aski.

Parisen eragina

«Parisek berebiziko eragina izan zuen Sistiagarengan, batez ere nubismoak». Hala nabarmendu zuen aurkezpenaren osteko bisitan Bouhoursek, erakusketaren komisarioak.

Handik bueltan, Balearretan kolorerako jauzia egin zuten ordura arteko tinta beltzek.

Margolaritza alboratu zuen 1965etik 1968ra. Baina ez zen besoak gurutzatuta egon. Gaur Taldearen hazia jarri zuen –«ideiaren aita izan nintzen», esan izan du– eta bere inguruan bildu zituen Ruiz Balerdi, Zumeta, Oteiza, Mendiburu, Basterretxea, Amable Arias eta Chillida. Sistiaga da egun bizirik geratzen den kide bakarra.

Garai hartan bertan, Parisen ezagutu zuen Arnold Stern-en lanean inspiratuta, Haurrentzako Tailer Esperimentala jarri zuen abian Donostiara bueltan, Esther Ferrer lagun zuela. Aitzindariak izan ziren.

Filma, mugarri

Hiru urteren ostean zinemagintzari ekin zion. Ibilbide nabarmenaren jabe da. Hamar bat film eginak ditu; horien artean, “...ere erera baleibu izik subia aruaren...”, donostiarraren film luze bakarra. «Amable Ariasek proposatu zion izenburua, hark hizkuntza imajinariorekiko zuen zaletasunari jarraiki», kontatu zuen Bouhoursek.

Mugarri izan zen filma. Zuzenean zeluloidearen gainean margotutako lehen film luzea da. Hamazazpi hilabete behar izan zituen proiektua bukatzeko eta Juan Huarte mezenasak hartu zuen bere gain finantzaketa. Ez du soinurik eta 70 minutuko iraupena du. Hirugarren gelan ikus daiteke. “Ana” (1969-1970) film mutua ere aurki daiteke erakusketan, une hartan bizi zuen krisi pertsonalak bultzatuko lana. Artista bere biluztasunean, kameraren aurrean. Hitzik ez.

Energia

Zinemagintzako esperientziaren ondorioa da margogintzara 70eko hamarkadan itzuli eta egin zituen olioen tamaina handia. 1970etik 1997ra sortutako margoak ikus daitezke laugarren gelan. Energiaz betetako keinuak nabari dira artelanetan. «Zinemagintzan bizitako esperientziak bide propioa egiten lagunduko dio margogintzan», adierazi zuen komisarioak.

Gorputzaren erabilera ere nabarmendu daiteke Sistiagaren sorkuntzan. «Mihisearen aurrean dantzan ari dela dirudi, pintzelkadak bertan utziz», esan zuen Bouhoursek. 7-8 brotxa bata bestearen ondoan makila luze bati lotuta margotzen zituen kolore desberdinetan trazu paraleloak.

Erakusketan aurrera eginez, 1970-2006 epean landutako obra grafikoa dago ikusgai bosgarren gelan. Lengoaia minimalista landu zuen, ikatz gorri zein urdinekin sortutako lerroak nagusitzen dira.

Biluziei eskainitako lanak ere ikus ditzake bisitariak, abstrakziotik hasi eta emakume figuran amaitzen direnak. «Modeloarengan jartzen zituen begiak, han bakarrik, eskuak paperean egindako mugimendua batere begiratu gabe», azaldu zuen komisarioak, ondoan Gorka Sistiagak hala baieztatzen zuen bitartean.

1980ko hamarkadan egindako serie erotikoak ere badu tokia erakusketan.

2011tik aurrera “Abiadura, argia, kolorea: keinu bakarra, hiru emaitza desberdin” izeneko sorta landu zuen. Bere ibilbideko sortarik emankorrena; ehunka margolanez –olioa kartoi gainean– osaturik dago.

Beste bi film margotuk –“Inpresioak goi-atmosferan” (1988-89) eta “Han (Eguzkiaren gainean)”– ixten dute erakusketa. Azken hau, 1992an hasitakoa, oraindik bukatu gabe dago eta erakusketa honetarako digitalizatu da. «Film luzea egitean ez zuen erreferentziarik buruan, baina 90eko hamarkadan 70 milimetroko zeluloidea deskubritu eta kosmosa erreferentzia eginez margotzen du», argitu zuen komisarioak.

Erakusketa urtarrilaren 28tik maiatzaren 22 arte egongo da ikusgai. Larunbatero bisita gidatuak egingo dira, euskaraz 17.30ean eta gazteleraz 18.30ean. Mahai-ingurua ere iragarri da martxoaren 10erako 18.00etan, Tabakaleran, Kutxa Kultur Plazan. “Hezkuntza-praktikak eta ikus-entzunezkoak. Jose Antonio Sistiaga eta bere testuingurua, 1957-1979” izenburupean egingo da. Rocio Robles Tardio, Sergio Rubira eta Mikel Onandia “Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979” erakusketaren komisarioek parte hartuko dute. Artium museoan dago ikusgai erakusketa eta elkarlanean antolatu da.

Eta erakusketaren karietara prestatutako egitaraua amaitzeko, “...ere erera baleibu izik subia aruaren...” filma proiektatuko dute. Maiatzaren 6an, 19.00etan, Tabakalerako zinema aretoan da hitzordua.