GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Charles Duboulozek igoera historikoa egin berri du

32 urteko alpinista frantziarrak Grandes Jorrasses-eko iparraldeko horman dagoen «Rolling Stones» bidea lehen aldiz bakarka eta neguan eskalatu du. Zailtasun tekniko handiak dituen 1.200 metroko marra hori igotzeko sei egun (bost bibak) behar izan ditu.


Hainbat alderditatik aztertuta, aurrera dezakegu Charles Duboulozek Grandes Jorasses-en egin berri duen jarduerak parametro batzuk astindu dituela. Mont Blanc mendilerroko hormatzar horretako murru laiotzenean “Rolling Stones” bidea (ED, 6a, WI5+, M8 librean eta A3 artifizialean) bakarka eta neguan sinatu du. Estilo horretan, gainera, lehen igoera izan da. Jarduera gogoangarria izan dela inork ez du zalantzan jartzen. Hitz batean esanda, igoera historikoa izan da; bederen, hormatzar horretako historian sartu da.

Alpeetan izaera horretako eskalada bat egin gabe 20 urte joan dira. Eta Dubouloz gai izan da horma horretako bide luze eta zailenetarikoa neguan eta sokakiderik gabe egiteko. Hil honen 13tik 18ra izan zen. Sei eguneko eskalada eta bost bibak; hotzarengatik, guztiak ala guztiak oso gogorrak. -30 °C-ko tenperatura izan zuen.

Alpinista honek Grandes Jorasseseko sekziorik luzeena aukeratu zuen: Walker espoloia. Baina ez zituen “Cassin” bide klasikoa, “McIntyre” edo “Shroud” marrak hautatu. Ez, xede nagusia “Rolling Stones”; hots, 1979. urtean talde esloveniar batek zabaldutako “izarra”. 2011. urtean, neguko lehen igoera jaso zuen, eta hiru urte beranduago era askean igo zen. Baina, aurreratu dugun bezala, bakarka eta neguan egiten lehena Dubouloz izan da. Balentria hitza behin eta berriz errepikatu da. Eta hala da.

Agian, baten batek esango du chauvinismoaren izenean eginiko aldarrikapena dela. Eta, agian, horrela izan daiteke. Eta hori diogu Duboulozen jarduerak hedabideetan oihartzun berezia izan duelako. Ez soilik espezializatuetan. Orokorretan luze eta zabal hitz egin da, eta hori ez da ohikoa. France 2, “Liberation”, “Le Parisien”, TV5 Monde... harritzekoa da izan duen jarraipen mediatikoa. Hori gutxi ez, eta Duboulozek Instagram-en, hiru egunetan bakarrik, 10.000 jarraitzaile izan ditu.

Alpinismoaren mundutik ere txalo zaparrada ugari jaso ditu. Etxekoen zein atzerritarren aldetik. Eta askok diote Duboulozen izena Lafaille, Daudet, Damilano, Profit, Destivelle eta enparauekin lotu behar dela.

«Alpeetan egin den benetako neguko abentura eta historiako eskalada garrantzitsuenetarikoa da». Horixe diote 80ko hamarraldian lehen lerroan ibili diren alpinista frantziarrek. Eta bide batez gehitu dute Duboulozek azken 15 urteotako joera batekin etena egin duela. Hau da, jarduera azkarrak alde batera utzi eta erabateko konpromisoan eta eskalada mantsoan oinarritu dela.

Baina, nor ote da alpinista gazte hau? Bada, orriok irakurtzen duzuenok, hein handi batean, ezagutzen duzue. Izan ere, Duboulozen hainbat jarduera jaso ditugu: duela bi urte Yan Borgnet-ekin batera “Via in memoria di Gianni Comino”-ren (Grandes Jorasses) lehen errepikapen integrala edo iaz Benjamin Vedrinesekin Chamlang-eko (7.319 m, Himalaia) iparraldeko horman eginiko eskalada zaila.

Jakina, “Rolling Stones” izeneko xede hori biribildu ahal izateko, asko indartu behar izan du bere ibilbidea. Iaz, adibidez, Dru-ko iparraldeko horma neguan eta bakarka igo zuen. Eta eskalada horrek “atea” zabaldu zion Grandes Jorassesen apustu sendoa egiteko.

Muturreko baldintzak

Aktibitate horretatik itzuli bezain laster, Duboulozek zera adierazi zuen bere sare sozialetan: «Courmayeur-era iritsi naiz, eta eginikoarekin ezin dut sinetsi ere egin. Azken hiru urteotan, ‘Rolling Stones’ buruan izan dut, besteak beste, marra ospetsu bat delako. Grandes Jorasseseko luzeenetarikoa da, eta oso-oso bertikala. Horma horretan zintzilikatuta sei egun egin ditut. Itzalean, haize indartsuekin, hotz handiarekin... Uste dut erronka pertsonal handia egin dudala, eta hori sinatu ahal izateko azken urteotan gogor baino gogorrago entrenatu behar izan dut mendietan. Amets bat egia bihurtu dut! Zaila egiten zait azaltzea benetan bizi eta egin dudana. Nahiz eta eskaladako egun horietan apenas jan eta edan dudan ezer, oso ondo sentitzen naiz. Ziur aski bizitzen ari naizen euforiarengatik izango da. Hori bai, eskuak erabat lehertuta ditut, eta nire oinak erabat izoztuta daude».

Joan den hilaren 13an, arratsaldeko 14.30ean, “Rolling Stones”-en sartu zen. 35 kilo gainean, bi bizkar-zakutan banatuta. Eta eraman zuen tresneriaren artean: 6 iltze, bi friend sorta, fisurero sorta bat eta hamaka zein lo-zaku bana. Eta horrekin guztiarekin lehen urratsak egin zituen: «Horma ondo aztertu ondoren, ikusi nuen baldintza egokietan zegoela. Gainera, eguraldi iragarpenek zioten aurretik egun lasaiak izango nituela. Bidean sartu eta ohartu nintzen zailtasun tekniko gogorretara oso goiz heldu nintzela. Artesi hori espero baino lehenago iritsi zen. Bizkar-zakua oso azkar egin nuen, eta alde batera eta bestera nire tresneriaren bila egon nintzen. Christophe Dumaresti deitu nion fisurero sorta bat eskatzeko eta hark esan zidan horma horretan zegoela. Lehen bi luzeak ez ziren batere atseginak izan. Eta han bertan konturatu nintzen aurretik nuen erronka zaila baino zailagoa izango zela. Zorionez, biharamunean, neure burua lasaitu egin zen. Korridore batekin borrokatu, rappel bat egin, ibilbide egokiena bilatu... Eta horretan nintzela, neure burua indartu eta aurrera jarraitzeko erabaki irmoa hartu nuen».

Arestian aipatu dugunez, Grandes Jorasseseko bide hori zailtasunean iraunkorra da, baina, era berean, ospe handia du bibak oso txarrak dituelako: «Hamaka eraman nuen, baina aurrera dezaket egin nituen bost bibakak oso deserosoak izan zirela. Horietako batzuetan gaua erdi eserita igaro nuen. Tenperaturak ere muturrekoak izan ziren; hotzena, -30! Gainera, negua denez, oso goiz iluntzen du. Aurrera jarraitzeko hotz handia egiten du, eta ezin duzu metro gehiago egin bibak eroso bat bilatu ahal izateko».

Eskaladaren laugarren egunean sakelako telefonoa patrikatik erori zitzaion: «Souchon eta Cabrelen abestiak entzuten ari nintzen, eta, bat-batean, konturatu nintzen soinua aldentzen ari zela. Telefonorik gabe, ia erabat isolatuta geratu nintzen. Banekien nire kide Dumarest ‘No Siesta’ bidea Tom Livingstonerekin eskalatzen ari zela. Eta Helias Millerioux paretaren beste bide batean sokakide batekin zegoela. Baina hauek guztiak ni baino askoz ere lehenago tontorrera heldu ziren».

Haizeteekin ere asko sufritu zuen; Duboulozen hitzetan tortura izan zen: «Nire atzamarrak erabat txikituta nituen. Oinekin ere arazoak izan nituen; Chamlang mendian izoztu zitzaizkidan. Nire erritmoan nabaritu zen, eta bosgarren egunean headwall-era heldu nintzen. Hots, bidearen giltzara. 800 metroko hutsunea: giro paregabea! 60 metroko zeharkaldi bat egiteko sei ordu behar izan nituen. Sei egun horietan ez nuen ezer jan. Chamalang-en gauza bera gertatu zitzaidan. Estres kontuak izango dira. 40 luze gainditu eta gailurrera iritsi nintzen. Gaueko 11tan, berriz, Courmayeur-en nintzen».