GARA
SASKIBALOIA

Kostata baina erritmoa hartu du Gernikak Errioxan eta Koparako txartela eskura du

CAMPUS PROMETE 70

GERNIKA 74


Oraindik ziur eskuratu ez badu ere, Kopa jokatzeko lehen urratsa egin zuen talde bizkaitarrak atzo gauean, partida gogor eta zail bateko luzapenean Campus Prometeri irabazi ostean.

Aste arraroak –eta denboraldia, egia esan– bizitzen ari dira Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak. Atzo bere garaian atzeratutako Ligako 14. jardunaldiko partida jokatu zuen Campus Prometeren aurka, eta hasteko, neurketaren hasiera ordu erdi atzeratu behar izan zen jabetzaren erlojuarekin arazo teknikoak izan zituztelako.

Bizkaitarrak erritmo faltarekin iritsi ziren Logroñora. Gogora ekarri behar da gernikarrek ikusi zutela nola iragan asteazkeneko partida atzeratu zen beraiek autobusean igotzen zeuden unean ia-ia. Cadi La Seu zuten aurkari, baina lehiatu gabe geratu ziren eta atzoko partidan nabaritu zuten.

Hori bai, Mario Lopezen jokalariak indartsu hasi ziren, ziztu bizian 0-6 ipini baitziren aurretik markagailuan. Baina etxekoek indarrak orekatu zituzten eta hortik aurrera, bizkaitarrak atzetik joan ziren momentu oro, neurketako hirugarren eta laugarren laurdenetan suspertu eta luzapena behartu zuten arte.

Bost minutuko luzapen horretan, alde batera eta besterako saskiratzeetan, Lointek Gernika Bizkaia hobea izan zen eta 16 segundoren faltan Moorek sartutako bikoak etxekoen aukera guztiak uxatu zituen (70-74).