FEB. 02 2022 JOPUNTUA Eskertzea Maider Eizmendi Kazetaria Esan eskerrik asko». Txikia nintzela uste dut aspertzeraino entzun nuela gurasoen eta aitona-amonen ahotik; inork ezer eskaintze hutsak esanarazten zien, nik eskuekin ukitu baino lehen kasik. Hala, ia modu automatikoan eskerrak ematen, mesedez eskatzen eta parean jarritakoari musuak banatzen ikasi nuen. Gero, hartutako ohiturak neurri batean desikasi nituen nerabezaro goiztiarrean sartu orduko, arauen aurkako borroka etengabe horretan murgilduta. Uste dut, lehen errebeldia keinua izan ohi dela. Gerora berreskuratzen dira, berriz ere, ohitura horiek, baina batzuetan badute kortesiazko formula kutsua eta, gainera, nago ez dugula behar bestetan eskerrik ematen edo ez diogula, behintzat, ariketa horri behar besteko garrantzirik ematen. Azken aste hauetan eskertze ariketa hausnartua egitea tokatu zait, proiektu luzearen ostean, ondoan egon direnei eta, ondoan egon gabe, lanerako erraztasunak eman edota nigan edonolako eragina izan duten horiei aitortza egitea. Ezarritako arau batek abiarazi du jardun hau, baina uste dut sarriago egin beharko genukeen ariketa dela, onuragarria eta justua delako eskerrak jasotzea egokitzen zaionaren ikuspuntutik baina, agian, mesedegarriagoa ematen dituenarentzat. Atzera eta aurrera begira jarrita, apurka zaren hori eraikitzen lagundutakoez akordatzera behartzen zaituelako; egun askotan mundu handi honetan ia oharkabean bidea egiten ari zarela uste duzun arren, ondoan dituzunak eta haientzako nor zaren kontzientzia hartzen duzulako; norberaren merituak besteen egiteak zatitu baino biderkatu egiten dituelako eta haien balioa handitzen duelako; osasuntsua delako. Azken denboran asko hitz egin dugu ezinez, eta buru-osasunari lotutakoez batez ere. Apurka eta kasu batzuetan modu traketsean ezagutzera eman diren datuek errealitate gordina irudikatu dute. Egoerak merezi du hausnarketa eta lanketa sakona, neurri eta tresna eraginkor eta eskuragarriak, baina horrek ez dio, noski, keinu txikien bidez ondokoa eta norbera osatu eta goxatzeko ahaleginari baliorik kentzen. Porque el hacer propio multiplica y aumenta el valor de los dem��s;