Ines Castiella Imaz
Nafar Ateneoko Euskara eta Euskal Kultura saileko eleduna
KOLABORAZIOA

Euskalkiez eta ergatiboaz

Hizkuntzalaritzaren eremu lohitsu batean sartuko naizela jakitun, nire ekarpena baino, iritzia botako dut, azkenaldian handik eta hemendik entzundakoen aurrean nire buruak egiten dizkidan etsipenezko galdera eta kezkei erantzun bat bilatu nahiz.

Aurten Korrika eta Euskaraldiaren ospakizunak direla-eta, horrek ere adoretu egiten nau hausnarketa hau partekatzera: Korrika, besteak beste, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea xede zuen ekimen gisa sortu zuen AEK-k duela jada 42 urte. Euskaraldiaren zioa ere antzekoa izan da; alegia, euskaraz elkar ulertzeko gai garenon arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzea, euskaraz gehiago solastatu gaitezen. Eta horren guztiaren aurrean, neure buruari galdetzen diot ea euskara hizkuntzaz ari garenean, zertaz ari ote garen; izan ere, euskaraz gehiago aritzearen aldeko jarrera azaltzea bai, baina ondoren euskaldunok geure burua «kategorizatzearena» baitator beti: «euskaldun berri», «euskaldun zahar», «euskarabatuarenaurrekobelaunaldia», «ikastoleroak», «nikezdutEGArik», «nereherrikoeuskara», «nieznaizhemengoa», «hegoaldekoa», «iparraldekoa», «kostaldekoa» eta abar luze bat.

Euskara beste edozein hizkuntzaren erabilerak dituen ñabardura berak dituen hizkuntza bat da, ez hobea, ez txarragoa, ez politagoa, ez itsusiagoa, ez zailagoa, ez errazagoa. Eta beste hizkuntza gehienen modura, baditu ere bere arau gramatikal eta linguistikoak, baita arau horien erregularizazioaz arduratzen den erakunde ofiziala ere. Hortaz, beste hizkuntzekin ezbaian jartzea burutik pasa ere egiten ez zaigun afera guzti horiek zergatik edo zertarako ekarri euskararenera?

Bi kontu dira aldi berean arduratu eta ernegatzen nautenak: batetik, euskalkien inguruan sortzen ari den funtsik gabeko polemika hutsala, eta, bestetik, ergatiboarena. Euskalkiena, nire iritzi xumean, ñabardura kontua delakoan nago, ahozkotasunean eragiten duena eta, hortaz, beste edozein hizkuntzatan bezala, euskarari ere norberekoaren ahoskatzeak ematen diola zentzua, gorputza eta bizitasuna. Dela euskalkia, dela eskola edo euskaltegian jasotakoa, edota euskarazko komunikabideetan aditutakoa, euskaraz jardutea da axola beharko lukeena. Beste guztia soberakoa baita.

Ergatiboari dagokionez, honetan bai esango nukeela zuzentasun kontuaz ari garela, ergatiboa euskara hizkuntzaren hezurduraren baitan dagoen heinean. Euskara ergatiborik gabe ez da euskara. Euskarazko aditzaren eraketak ergatiboan du oinarrietako bat eta horregatik dago arautua bere erabilera; araua izanik, ezin urratuzkoa euskaraz zuzentasunez jardun nahi badugu (bai hizkuntzetan eta baita beste edozein esparrutan izaten den era berean). Salbuespenik gabe, ergatiboa oker erabiltzea arau-haustea da, berdin euskalkian edo euskara batuan.

Hemendik aurrera, ariketa kolektibo baino norberak bere buruarekiko ezarri beharko lituzkeen irizpideak finkatzea izan beharko luke ariketa, euskararen aldeko kontzientzia eta euskarazko erabilera zenbatekoa eta nolakoa izan nahi dugun gure buruari aitortzea eta horrek dakarrenarekin erantzukizunez jokatzea.

Lazkao Txikiren hitzak ekarrita, «laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan»; nik ez nuke horrelakorik nahi, baina bizi naizen «euskaldun» gizartea osatzen dugunok zer da nahi duguna?