GARA Euskal Herriko egunkaria
ESPEDIZIOA

Astebete Tien Shan mendilerroan bide berri bat zabaldu ahal izateko

Joan den udaran, Sergei Nilov, Dmitri Grigoriev eta Dmitri Golovtxenko errusiarrek Erdialdeko Asiako mendilerroko hirugarren mendi garaienean, Voennizh Topografov (6.873 m), «Impromptu» bidea sortu zuten. 3.000 metro luze da, eta, errusiar eskalan, 5b maila du.


Erdialdeko Asiako Tien Shan mendilerroak, erraldoia izateaz gain, mendi garaiak ditu. Denen artean, Pobeda (7.439 m) da altuena. Bigarren garaiena, Khan-Tengri (7.010 m). Harrigarria bada ere, hirugarrenari buruz ezer gutxi entzun dugu: Voennikh Topografov du izena eta 6.873 metro ditu.

Bada, Tien Shaneko hirugarren mendi garaiena 2017ko Urrezko Pioleta saria irabazi zuen sokada errusiar baten helburua izan da. Protagonistak honakoak dira: Sergei Nilov, Dmitri Grigoriev eta Dmitri Golovtxenko.

Joan den udan, hirukoteak mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian marra oso luzea ireki zuen. “Impromptu” deitu diote, eta 3.000 metro luze da. Aipatu behar da jarduera hori gauzatzeko lan eskerga egin behar izan zutela; izan ere, igoerak zazpi egun eskatu zizkien, eta jaitsierak beste bi. Jarduera oso luzea izan zen, bai, baina mendiak zailtasun tekniko bereziki gogorrik ez du. Errusiar eskalan 5B maila jarri diote, eta maila gorena 6B da.

Mendi ezezagunean laugarren bidea zabal zuten errusiarrek, eta, aurreratu behar dugu, eskalada ia osoa estilo alpinoan egin zutela. Eta ia diogu, tontor egunaren bezperan soka finko bat erabili baitzuten.

Bidearen ezaugarriei dagokienez, Golovtxenkok adierazi du korridoreak, erlaitzdun ertzak eta mistoko hainbat sekzio nagusi direla: «Oro har, ez du zailtasun tekniko handirik. Ibilbide ia osoan elurra eta izotza izan ziren protagonista; oro har baldintza nahiko onak ziren. Bestalde, esan behar dut murru erraldoi batean bide luze baten bila aritu ginela. Horixe zen gure plana. Aldaerak egiteko aukerak izan genituen, baina gure asmo nagusia marra berri bat sortzea izan zen. Horretarako, tresneria asko eraman genuen. Bizkar-zorro astunak ziren, baina hamakarik gabe joan ginen. Horma handi hori aztertu ondoren, bibakak egiteko leku erosoak aurkitu genituen».

Lehen eskalada egunean, 1.000 metroko desnibela eta hamahiru luze igo zituzten. Erlaitz handi batean egin zuten bibaka, 5.468 metroko altueran. Biharamunean beste 600 metro eta hemezortzi luze gainditu zituzten; 6.056 metrora antolatu zuten bibaka. Hirugarren egunean eguraldia aldatu egin zen, eta horrek eskalada erritmoan eragina izan zuen. Soilik 300 metro eskalatu ahal izan zituzten. Laugarren eguna antzekoa izan zen: murruari ia 300 metro kendu zizkioten. Gailurra egiteko aurreikusita zuten egunean, haizeteek atzera bota zituzten. Gainera, Grigoriev ondoezik zen. Atseden egun bat hartu ostean, zazpigarren eta azken eskalada egunean zapaldu zuten gailurra.

Gaua tontorretik gertu igaro zuten; 6.801 metrora. Eta jaitsierarako beste bi egun behar izan zituzten. Golovtxenkok dioenez, zibilizaziora itzultzeko «benetako epopeia» bizi izan zuten. Hirukote errusiarra onik iritsi zen azkenean kanpaleku nagusira, baina une latzak bizi izan zituzten: «Eskaladaren azken egunak oso gogorrak izan ziren oso: haizeteak, elurra... Gainera, Grigoriev gaixotu egin zen. Bere egoerak larritu egin gintuen, izozteak ere bazituen... Moskura heltzean biriketan odolbildua aurkitu zioten».

Aipatu dugu “Impromptu” bidea luzea dela oso, eta, era berean, gehitu dugu zailtasun tekniko bereziki gogorrik ez duela: «Aldatsak 50 eta 65 gradu artekoak dira. Horregatik, errusiar eskalan, 5B maila eman diogu. Denera, 63 luze eskalatu genituen. Hala eta guztiz ere, jarduera osoa aztertzen badugu, baieztatu behar dut benetan zaila izan zela. Tien Shaneko klima berezia da udaran. Glaziarretan bero egin dezake, eta, gero, eguzkia sartzean, hotz handia. Eguraldia oso aldakorra da: bare-bare izatetik haizete bortitzetara bat-batean igarotzen da».