GARA Euskal Herriko egunkaria
ANDINISMOA

Ezbehar larriek ez dute itzaliPatagoniako denboraldia

Sebastian Pellettik, Romano Marcottik eta Pepo Juradok Cuerno Este mendiaren lehen igoera egin duten bitartean, Cristobal eta JuanSeñoret anaiek Cerro Catedralen bide berri bat zabaldu dute. Cerro Torreko gailurretik, berriz, hirukote bat parapentean jaitsi da.


Otsailean bete-betean sartu gara, eta Txileko eta Argentinako Patagoniako aurtengo denboraldiak ez du etenik. Azken asteotan istripuz hildako bi alpinisten gaineko berriek, hori bai, bertako bazterrak astindu dituzte. Gogoratu behar dugu urtarrilean Robert Graseger alemana Guillaumet Orratzera hurbiltzen ari zela zendu zela, elur-jausi batek harrapatu eta gero. Iragan astean, berriz, Korra Pesce italiarrak esan zigun betiko agur Cerro Torren izandako luizi baten ondorioz. Biak ala biak goi mailako alpinistak ziren.

Baina, ohi den bezala, izaera horretako notiziek ez dute itzali Patagoniako denboraldia. Lainotu, bai, baina guztiz itzali ez. Eta horren adibide dira hainbat eta hainbat taldek egin dituzten eskalada azpimarragarriak. Kronika honekin hasteko, lehenik eta behin hirukote batek Paineko Dorreetan sinatutako jarduera aparta aipatuko dugu. Sebastian Pelleti australiarra, Romano Marcotti txiletarra eta Pepo Jurado ekuadortarra izan dira protagonistak.

Bada, aipatu taldea guztiz harrituta agertu da Cuerno Este izeneko mendia igo eta gero: «Paineko Dorreetako gailur nagusiak igo dira, baina ezusteko handia hartu dugu Cuerno Este eskalatu gabe zegoelako. Azken urteotan mendi horretako behealdeko granitozko sekzioetan hainbat bide zabaldu dira, baina tontorrera eramaten duen eskistozko tartea guk igo dugu lehen aldiz».

Aurreratu behar dugu xede hori bigarren ekinaldian erdietsi dutela. Duela aste batzuk, Pelletti eta Marcotti goialdean dagoen piramidearen oinarrira iritsi ziren, baina, tresneria nahikorik ez zutenez, atzera egin zuten. Bigarren ahaleginean, urtarrilaren amaieran, Jurado batu zitzaien. Granitozko sekzioan kalitate handiko bost luzeko bide paralelo bat gainditu eta 200 metro luze den ertz bat igo zuten. Ertz horrek eskistozko piramidearen oinarrian utzi zituen. Azken 300 metroak “infernu” bilakatu ziren: arrokaren kalitate ezin txarragoa, babesteko leku egokirik ez zuten tarte desplomatuak... Hitz batean esanda, eskalada oso intentsua. Sortutako bide berriari “Vacaciones Metamórficas” deitu diote: 600 metro eta 6b+/c zailtasuna.

Hortaz, hirukoteak Paineko Dorreetan zirkulu bat ixteko aukera izan du. Duela 85 urte mendilerroko lehen mendi aipagarria igo zen, Cerro Almirante Nieto. Ondoren, beste tontor nagusi batzuk. Baina Cuerno Este eskalatzeke zegoen. Beraz, Paineko Dorreetako balizko azken mendi handia igotzea lortu dute hiru eskalatzaileok.

“Ezustekoa” izan da hirukoteak eman duena. Alpinistok ere onartu dute ez zekitela Cuerno Este igo gabe zenik: «Lehen ekinalditik itzuli ginenean, kide batzuek esan ziguten gailur hori zapaldu gabe zegoela. Guk ateratako argazkiak aztertu ondoren, tontorrera eramaten zuen balizko marra bat ikusi genuen. Helburu hori ‘askatzeko’ erabakia hartu eta bigarren saio bati ekin genion. Tresneria gehiago eraman genuen, eta, denera, horma horretan hogei ordu egin genituen. Piramidearen oinarrian ginela, zazpi ordu eskatu zizkigun arroka txar hori deszifratzeak. Geure buruak babesteko toki egokirik ez zegoen. Arroka metamorfiko hori ‘ulertzea’ izan zen jarduera guztiaren zailtasun handiena. Nola nabigatu eskisto horietan? Horixe zen geure buruei egindako galdera nagusia. Irteera bat bilatzea ere zaila egin zitzaigun; intuizioak lan ederra egin zuen! Gainera, era askean igotako mugimenduak oso behartuak ziren. Hobe erorikorik ez izatea! Une latzak bizi izan genituen: eskalada intentsua, teknikoa... izan zen eta bete-betean eta adi-adi ibili behar izan genuen».

Eskalatzaileok onartu dute piramidea gainditzea korapilatsua izan zela, eta jaitsiera ere nahiko arriskutsua izan zela gehitu dute: «Gailurretik gertu rappelatzen hasi ginen. Arroka puskatzen zen leku batean iltze bat sartzeko aukera izan genuen. Antzeko zenbait egoera bizi izan genituen. Adibidez, mailuarekin rappelak egiteko maniobra naturalak egin behar izan genituen. Zorionez, hamaika rappel horietan ezbeharrik edo buruhauste handiagorik ez genuen izan. Azkenean, 01.00ak aldera mendiaren oinarrira iritsi ginen».

Argentina

Txiletik Argentinara egingo dugu salto. Nahiz eta txiletarrak diren, Cristobal eta Juan Señoret anaiek Argentinan dagoen Cerro Catedralen jardun dute.

Gainera, eskalatzaileok lehen igoera bat egiteko gai izan dira; hain zuen ere, mendiaren ipar-ekialdeko isurian. Marra berriak “Dos hermanos” du izena. Anaietariko batek, Cristobalek, adierazi du oso harro dagoela anaiarekin mendi ikaragarri hori eskalatu duelako: «Onartu behar dut sortu berri dugun bide horrek kalitate handia duela. Zaila egin zitzaigun ibilbide agerikoena bilatzea. Luze on batzuk eskalatu ondoren, erlaitz oso eroso batera heldu ginen. Eta biharamunean, inoiz ahantziko ez dugun abenturari ginga jarri genion. Mendi horretan bide txiletar bat irekitzen lehenak izan gara! 6c+ eta A0 zailtasunak ditu, eta biok ala biok uste dugu kalitate handikoa dela. Luzea (800 m), zailtasunean iraunkorra, askotariko artesiak eta bene-benetako jarduera. Zer gehiago eska daiteke? Pozarren gaude».

Gogoratu behar dugu ingurumari horretako (Frantziarraren Ibarra) mendi bertikalena dela. Batez ere, ekialdeko aurpegia. Ipar-ekialdekoa, berriz, ukitu gabe zegoen; hots, ez zuen biderik: «Ez dugu zalantzarik: Cerro Catedral igotzea amets handia zen guretzat. Estiloari ere garrantzia ematen diogu, eta bide osoan soilik hiru parabolt jarri ditugu. Gure helburua zen era askean igotzea, baina goialdeko luze batzuk oso heze zeuden».

Argentinatik atera gabe, azken jarduerak Cerro Torrera eramango gaitu. Roger Schaeli eta Mario Heller suitzarrek eta Pablo Pontoriero argentinarrak ez dute bide gogor bat eskalatu edo marra berri bat zabaldu. Ez. Erpin ikoniko horren mendebaldeko aurpegian dagoen “Ragni” bide klasikoa eskalatu dute. Baina jarduera horri plus bat eman nahi izan diote: jaitsiera parapentean egin dute. Ez dira hori egiten lehenak izan, baina gailurretik parapentean salto egitea ez da ez batere ohikoa. Gainera, aurretik parapentean salto egin duten gehienek ez dute Cerro Torre eskalatu; helikoptero batek utzi ditu gailurrean eta gero bertatik salto egin dute. Hirukoteak egindako jarduera egiten lehena, berriz, Fabian Buhl alemana izan zen. Duela bi urte, “Ragni” igo eta gero, tontorrean parapentea zabaldu eta hegan egin zuen.

Schaelik berak kontatu digu nolakoa izan zen bizitako esperientzia: «Bidea eskalatzen erritmo mantsoan joan ginen; izan ere, aurrez aurre baldintzak gogorrak izan genituen. Gailurra zapaltzen dudan hirugarren aldia da, eta baieztatu behar dut oso urduri eskalatu nuela; buruan parapentearekin salto egiteko unearen irudia nuen etengabe. Eta horrelako eskalada batek %100 kontzentratuta egotea eskatzen dizu. Gailurretik El Chaltenera 25 minutu izan ziren hegan: 12 kilometro. Amets bat betetzea izan zen guretzat eta horrela bizi izan genuen».