Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Laso eta Imaz lehen postura gerturatu dira Ezkurdia eta Tolosa hondoratuta

EZKURDIA-TOLOSA 18

LASO-IMAZ 22


Ez zuten Labrit pilotalekuan partida gogoangarririk jokatu atzo ez Unai Lasok eta Ander Imazek osatutako bikoteak, ezta Joseba Ezkurdiak eta Xabier Tolosak osatutakoak ere, baina bai gogorra gero! 70 minutu eta ia 700 pilotakadaren ondoren nagusitu ziren Laso eta Imaz, eta, garaipen horri esker, Altuna III.arekin eta Martijarekin bat egin zuten Binakako Txapelketako lidergoan, zortzi punturekin. Txanponaren ifrentzua, berriz, Ezkurdia eta Tolosarentzat izan zen, sailkapeneko azken postuan baitaude, hiru punturekin. Atzo bederen lana beltz egin zuten, baina Lasoren talentua eta azken orduko hutsak larregi izan ziren gorrientzat.

Hori bai, tantoak egin eta galdu, Unai Lasok egin zuen batik bat: 11 tanto egin eta 10 galdu. Hasieran gorriak 6-2 aurreratu baziren ere, urdinek handik aurrera markagailuan aurrea hartu zuen, aurkariei berriz aurrea hartzen laga gabe.

Partidak aurrera egin ahala, Lasok eta Imazek errazago agindu zuten, baina azkenera arte sufritu egin behar izan zuten zortzigarren puntua lortzeko.