GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Torturan oinarritutako epaiketa bat hastera doa


Gaur, Madrilen, Europar Batasunean, torturan oinarritzen den epaiketa bat hastera doa. Epaitua euskal herritar bat izango da, Iratxe Sorzabal, hain zuzen ere. Frantziar Estatuan dago preso, ETAko kide izateagatik. Madrilen esku utzi du Parisek, epaitu dezan. Horretarako euroaginduak baliatu dituzte. Horietako batean, ordea, atxilotua egon zenean Sorzabalek tortura latzak jasan zituela onartu dute epaileek. Istanbuleko Protokoloa aplikatuz, euskal presoak sufritu zituen tratu txarrak egiaztatu daitezke –zalantzarik duenak, ikus dezala NAIZen argitaratu den garai hartako bideoa, Sorzabalen testigantzarekin–. Bere aurkako prozesua torturapean onartutako deklarazioetan oinarritzen dela jakin arren, frantziar agintariek Sorzabal entregatu dute eta espainiarrek epaitu egingo dute, gaur hasita.

Zuzenbide estatu batean ezin da tortura ardatz duen epaiketarik onartu, inolaz ere ez. Gainera, Sorzabalen aurkako obsesioan badago azpimarragarria den beste auzi bat: duela hamar urte ETAko zuzendaritzaren ordezkari gisa aritu zen Oslon, nazioarteko komunitateak bultzatutako negoziazioetan. Aurretik, Aieteko Konferentziari erantzunez ETAk ekinbide armatuaren amaiera iragarri zuenean, bertan zegoen Sorzabal. Ondoren, Norvegiatik klandestinitatera itzuli zen, ETAren armagabetzean eta desegitean amaituko zen prozesua bultzatzera. Aieteko 10. urteurrenean Donostiara itzuli ziren adituek azaldu zutenez, beste aldeko ordezkarien aurka horrela jotzea onartezina da. Konfiantza apurtzen du eta ez da bidezkoa.

Horrexegatik, epaiketaren bezperan, bakegintzan eta giza eskubideen defentsan adituak diren pertsona ospetsuen talde batek auzi honetan mendekua eta zigorra alde batera utzi eta bakearen eta adiskidetzearen alde egiteko garaia dela aldarrikatu du. Sorzabalek horien alde egindako lana aintzat hartuz eta justizia trantsizionala defendatuz, epaiketa zentzugabea dela esan daiteke. Krudelkeria eta mendekua ezin dira ardatz izan etorkizunera begira.