GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Champions League lehiaketaren lauko finala Bilbon jokatuko da maiatzean


Basketball Champions League 2022 lehiaketaren lauko finalaren egoitza Bilbo izango da, maiatzaren 6tik 8ra bitartean. Lehiaketan ordezkaririk ez duen hiri bat anfitrioi aukeratzen duten lehen aldia da, eta partidak Bilbao Arena pabiloian jokatuko dira, atzo jakitera eman zutenez.

Final laurdenetan sailkatzen diren lau taldeek parte hartuko dute Basketball Champions League lehiaketaren seigarren denboraldiari amaiera emango dion ekitaldian. Zehazki, bi finalerdi, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta final handia jokatuko dira Bilbon.

«Oso pozik gaude Bilbo izango delako Basketball Champions League lehiaketaren lauko finalaren egoitza. Esker ona agertu nahi diegu Bilbori, Espainiako toki eta eskualde agintariei, Espainiako Saskibaloi Federazioari eta ACBri ekitaldi hau antolatzen laguntzeko konpromisoarengatik, eta bereziki jokalariei eta sailkatutako talde guztietako kideei, zeren eta lauko finala ahalik eta ondoen eta interesa duten alde guztientzat modurik seguruenean antolatuko baita», adierazi zuen Patrick Comninos Basketball Champions League lehiaketaren arduradunak.

Gaineratu zuenez, «jakin dugu zer gogo bizia erakutsi duen hiriak ekitaldi historiko hau antolatzeko, eta espero dugu elkarrekin lan egin ahal izatea denboraldi amaierako txapelketa zoragarri bat eskaintzeko».

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere oso pozik agertu zen lehiaketaren finala Bilbon jokatuko delako: «Beste behin ere, agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako», adierazi zuen. «Nire nahia da zaleek eta bisitan etorriko zaizkigun bisitari guztiek goza dezatela ikuskizun on batez, eta baliatu ahal izan dezatela aukera gure hiria, gure gastronomia, gure merkataritza eta dendak eta gure tradizioak ezagutzeko», gaineratu zuen.

Basketball Champions League lehiaketaren final zortzirenak urtarrilaren 25ean hasi eta martxoaren 23an amaituko dira. Ondoren, zozketa bidez ezarriko da nola jokatuko diren apirileko final laurdenak, bai eta lauko finalaren hurrenkera ere. Martxoaren 25ean egingo da zozketa, eta ekitaldia zuzenean emango da www.championsleague.basketball helbidean. Finalerdiak Bilbon jokatuko dira maiatzaren 6an, eta hirugarrena nor izango den erabakitzeko partida eta final handia maiatzaren 8an.

Zaleak harmailetan egoteari buruzko erabakia geroago hartuko omen da, «Espainiako agintari ofizialek ezarritako arauei eta araudiei jarraituz».