GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Elezkano eta Zabaleta itzuli dira euren onenera

Etxarrendarra goitik behera nagusitu zaio Albisuri eta Zaratamokoak etekin handia atera du erasoan.


ELEZK-ZABALETA 22

PEñA-ALBISU 9


Osteguneko material aukeraketan bezala, atzo partida amaitu berritan ere Danel Elezkanok berretsi zuen azken hiru asteetako sentsazioak ez dituztela horren txarrak izan kantxan. Kanpotik okerrago ikusten genituela eurak benetan sentitzen zirena baino eta aurkariek ere asko jokatzen dutela kontuan izan behar dela. Hala ere, Beotibarren bildutako 400 lagunen artean «hauek itzuli dituk!» izango zen seguruenik atzo gehien errepikatuko esaldia. Partida txar-txarrik jokatu ez bazuten ere, ez bildutako hutsetan behintzat, Peña-Albisuren gainetik pasa ziren Aspeko bi pilotariak, sailkapenaren buruan berdinketa laukoitza beste astebetez luzatuz.

Egungo lehiaketa sistema martxan jarri zutenetik, sekula ez da aurten bezainbesteko berdintasunik izan, ez goitik eta ez behetik. Lau bikote dira azken bi jardunaldietan lehen bi postuen peskizan arituko direnak –tartean igandean Tafallan elkarren aurka ariko diren Irribarria-Rezusta eta Laso-Imaz–, eta beste hiru azken bi postuetatik ihes egin nahian arituko direnak. Uneotan azkenak diren Ezkurdia-Tolosak ere aurrera egiteko aukera handiak dituzte hurrengo bi partidak irabaziz gero. Peña eta Albisu iazko txapeldunordeek osatutakoa da ez gora ez behera begira geratu den bikote bakarra, lehen bietan sartzeko aukerarik gabe eta sei lehenetan ez sartzeko ere arrisku handiegirik gabe.

Txapelketan nabarmentzen ari den berdintasunaren arrastorik ez zen, ordea, batere antzeman atzo Tolosan hamabigarren jardunaldia itxi zuen estelarrean. Peñaren tanto on batzuei esker gipuzkoarrek nola edo hala partida hasieran markagailuari eutsi bazioten ere (8-6), Elezkano eta Zabaleta goitik behera nagusitu ziren, oilarren artean botatako hordagoari eutsiz.

Zabaletak agindu

Zirkuituko bi atzelari jotzaileenen arteko lehia zen atzokoa Beotibarren, baina lehia berehala desorekatu zen. Sarri partidetan sartzea kostatzen bazaio ere, Zabaletak lehen pilotakadatik argi utzi zuen bere onera itzuli dela eta pilotakada handiak jo zituen, Albisu erabat dominatuz.

Frontoi luzea da Tolosakoa, errebotea jotzea ia ezinezkoa den horietakoa, eta Zabaletak atzeko horman pilotarik jarri ez bazuen ere, zurrumurru handiak sortu zituen bildutako pilotazaleen artean jo zituen pilotakada ikaragarriekin. Hutsik ere apenas bildu zuen, 12-7an jasotzerik izan ez zuen pilota bat, eta Etxarrengoa hala denean ia ezinezkoa da hari aurre egitea.

Are gutxiago ondoan Danel Elezkano bezalako aurrelari bat duenean. Hendaian besoa pixka bat uzkurtuta antzeman genuen Zaratamokoa, baina atzo, hasiera xamarrean pare bat txapa jota ere, ausart eta oso eraginkor ikusi genuen, bere atzelariak irekitako zuloei etekin handia ateraz. Eta gauzak horrela, partidak kolore bakarra izan zuen 8-6koaren ondoren. 8-1eko partzial batekin partida erabat hautsi zuten Aspekoek eta iazko txapeldunordeek, aldiz, ez zuten inolako erreakziorako gaitasunik erakutsi. Horrenbestez, partidak ez zuen historiarik izan.