GARA Euskal Herriko egunkaria
NEGUKO OLINPIAR JOKOAK

Etxezarreta, bikain jaitsieran

Aresoko eskiatzaileak hamazazpigarren amaitu du bere proba kutuna, Estatuko kirolari batek inoiz lortutako emaitza onena.


Adur Etxezarretak maila bikaina erakutsi zuen atzo eski alpinoko jaitsiera proban, Beijingo Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatuko dituen bi probetako aurrenekoan. Aresoko eskiatzaileak hamazazpigarren amaitu zuen, azkenean irabazle izan zen Beat Feuz suitzarrarengandik segundo eta 43 ehunenekora.

Baliteke horrela esanda emaitza aipagarria ez iruditzea, are gehiago lehen entrenamendu egunean ezustekoa eman eta bigarren amaitu zuelako, baina Olinpiar Jokoetako jaitsiera proban inoiz espainiar selekzioko eskiatzaile batek lortutako emaitzarik onena da.

Espainiako federazioak bere web orrian aipatzen zuenez, Luc Alphand Munduko Kopa hiru aldiz irabazitako eskiatzaile aparta –orain France 2 telebista katean esatari lanetan– prentsa aretoan galdezka ibili omen zen Adurren abizena nola ahoskatzen zen jakin nahian. Nafarrak interesa piztu du adituengan.

«Pozik nago egin dudan jaitsierarekin. Agian ez da izan aste honetan egindako onena, baina garbia izan da. Elurra ere apur bat aldatu egin da aurreko egunekiko. Tenperatura igo egin da eta koska batzuk zeuden. Hala ere, baldintzak bikainak ziren», adierazi zuen Etxezarretak proba amaitu berritan.

«Pistak pare bat puntu ditu erabakigarriak, baina ez du atsedenik ematen ibilbide osoan, eta akatsik egin gabe amaitzea lortu dut. Emaitza honek indar handia emango dit etorkizunera begira», gaineratu zuen.

Baina etorkizunean pentsatu aurretik, Beijingo Jokoetan bere lana borobiltzea izango da eskiatzaile nafarraren helburua, gaur –hau irakurtzerako jada amaituta izango da ziurrenik– super-erraldoian parte hartuko duelako. Bere proba kutuna ez den arren, etxera aho zapore onarekin itzultzea garrantzitsua litzateke Etxezarretarentzat.

Hector, Wust, Fontana, Valieva...

Jardunaldiak izen propio ugari utzi zituen atzo Beijingo Jokoetan. Aipatutako Beat Feuz suitzarrarekin batera, eski alpinoan beste protagonista Sara Hector suediarra izan zen, emakumezkoen erraldoia bereganatu zuelako. Mikaela Shiffrin faborito nagusia pistatik irten egin zen eta Hectorrek bikain baliatu zuen bere aukera.

Abiadura patinajean, Ireen Wust herbeheretarrak bere hamabigarren domina irabazi zuen, urrezko seigarrena, 1.500 metroko proban gailenduta. Pista motzean, aldiz, Arianna Fontana italiarrak jarraipena eman zion bere ibilbide arrakastatsuari. Ostiralean modalitate horretan domina gehien dituen kirolaria bilakatu bazen, atzo bere hamargarren domina, urrezko bigarrena, jantzi zuen 500 metrotan. Eta patinaje artistikoan, Kamila Valieva errusiarra jauzi laukoitza egiten duen lehen emakumea bilakatu zen.