A.U. LASAGABASTER
LEHEN MAILA

Aurkari gogorrak etenaldiaren aurretik

Jardunaldirik ez, baina, hirugarren asteazkenez jarraian, partidak badaude gaur. Realak Bartzelona hartuko du Zubietan (17.00, ETB4), 18. jardunaldiko atzeratutako partida jokatzeko. Athleticek eta Atleticok, berriz, Lezaman jokatuko dute 15. jardunaldiko norgehiagoka.

Aurkari gogorrak eta egutegi gogorra. Batez ere Athleticentzat, igandean Bartzelona hartuko baitu azken hiru asteetako seigarren partidan. Haserre dela onartu du Iraia Iturregik, gaurko partida beste egun baten jokatzea adostuta baitzuten zuri-gorriek Bartzelonarekin, «eta aurreko astean orain jokatu behar dela esan ziguten. Entrenamenduen eta minutuen planifikazioa beste bat zen. Azken batean, antolakuntza falta agerikoa da. Etenaldia, gero sei partida hiru astean, berriro bi asteko etenaldia... Ulertzen zaila da, batez ere jokalarien osasunari begiratuta». Lehen taldeko hamasei jokalari besterik ez ditu Iturregik prest «eta batzuk ukituta daude». Baina hain da garrantzitsua partida, «jokatuko dutela», onartu du.

Realak ere plan ederra dauka otsaileko egutegia amaitzeko, igandean Levante bisitatu aurretik gaur Bartzelona hartuko baitu. Munduko talderik onena aurrean, «exijentzia handiko» bi partida jokatu ondoren. Batez ere maila fisikoan; izan ere, Etxezarreta joan den astean lesionatu zen eta igandean Maddi eta Allegra. Baina «emozionalki ere» nabaritu da egindako ahalegina, Natalia Arroyoren hitzetan. Orain arte partida guztiak irabazi dituen aurkariaren aurrean, ez du garaipena baztertzen, baina bere taldeari eskatzen diona «lehiatzea» da.