Iker BIZKARGUENAGA
LEGE BERRIAR

Euskara eta bizikidetza, Hezkuntza Hitzarmenaren Oinarrien ardatzak

EAEko hezkuntza lege berria egikaritzeko bidean, Legebiltzarreko ponentziak behin-behineko txostena du dagoeneko esku artean. Bertatik pasatu diren eragileen iritziak jasota, euskara ardatz duen eredu eleaniztuna hobesten du, bizikidetza bermatu eta segregazioari aurre egingo diona. Datozen asteetan testuak ekarpen berriak jasoko ditu.

Hezkuntza Lege berria egikaritzeko bidean, iragan udazken eta negu hasieran ehun eragiletik gora pasatu ziren Gasteizko Legebiltzarretik, euren iritzia emateko. Saio interesgarriak izan ziren Hezkuntza lantaldean, eta horien fruitua da legea ezaugarrituko duten lerro nagusiak marrazten dituen txostena.

“Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak” izeneko dokumentuak Ganberan esandakoak jasotzen ditu, eta heldu diren asteetan taldeek egindako ekarpenekin osatuko da. Horrela, otsailaren 28an erabakiko da zer onartuko den eta zer ez, eta behin galbahea pasatuta, Osoko Bilkurak eztabaidatuko du.

Testuan zehazten denez, «XXI. mendeko Euskal Hezkuntzaren aldeko legea behar dugu, gure herriaren bilakaera historikoari eta euskal gizartearen aukera-aberastasunari justizia egingo diona, betiere balio publikoen marko berriari eusten, zerbitzu publikoa eskaintzen dutenek eguneratuko dituzten eskubideak eta betebeharrak birpentsatu eta birformulatuta izaera publiko horri dagokion eran».

Ildo horretan, eta hizkuntzari dagokionez, helburu «argia» ezartzen du: «Ikasle guztiek gaitasun komunikatiboa izatea ofizialak diren bi hizkuntzetan».

Zehazki, eta hizkuntza ereduari begiratuta, dokumentuak «Euskal Hezkuntza, euskara ardatz duen sistema eleaniztuna» dela aipatzen du, «bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez» egituratzen dena, hain zuzen. Hortik abiatuta, eta egungo sistemaren gabezien jakitun, legeak «ikasle guztiek, familiaren jatorria gorabehera, ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutzea eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea ahalbidetzearen alde» egingo duela iragartzen du.

Ikasle euskaldun eleaniztunak

Dokumentuak azpimarratzen duenez, «Euskal Hezkuntza Sistemak euskararen ikaskuntzaren berme izan behar du, hizkuntza-proiektu integratuak abian jarriz». «Helburua –gaineratzen du– ikasle euskaldun eleaniztunak lortzea» da, eta «gainerako hizkuntzak eta kulturak errespetatuz gizarte kohesiorako eragile aktiboak izatea».

Dena den, azpimarratzen du «euskara gizarte hizkuntza normalizatua izan dadin, eskolaren esku-hartzea ezinbestekoa bada ere», berau ez dela nahikoa, «hezkuntza komunitateko zein gizarteko beste eragile batzuk ere ezinbestekoak baitira».

Laburpen gisa, eta hizkuntzari dagokionez, honako helburuak ezartzen dira: «Ikasleak eleaniztasunean gaitzea, derrigorrezko hezkuntza amaitzean hizkuntza ofizialak ondo menderatzen dituztela eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean gaitasun nahikoa dutela eta gizarte eleaniztun eta kulturaniztun batean elkarbizitzeko gai direla bermatzeko»; «euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartzea eta ikasleen erabilera aktiboa sustatzea»; «ikaskuntza prozesua garatzerakoan, ikasleek duten gaitasun eleaniztuna erabil dezatela. Eta aldi berean euskal kulturaz jabetzen joan daitezela»; «atzerriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak ikastetxeetan agerian jartzea, elkarrekiko aintzatespena bultzatzea, aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmentzea eta hezkuntza-integrazioa sustatzea, betiere euskara eta euskal kultura ardatz direla»; eta «ikasleengan beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina piztea, nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten jakitea eta bizitza osoan horiek ikasteko autonomia izatea».

Era berean, testuan aipatzen da curriculumek bermatu behar dutela «ikasleek bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, erabiltzaile aurreratu gisa erabat menderatzen dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, Europako erreferentzia-marko bateratuaren adierazle bertsuetan», eta, horrekin batera, aurreikusi behar dutela «gutxienez atzerriko hizkuntza bat behar beste ezagutu eta komunikazio egokia lortzea ikasketa-etapa beraren amaieran».

Txostenaren arabera, Jaurlaritzak «ebaluazio tresnak jarriko ditu lortutako mailak balioztatzeko, eta jarraipen sistema eraginkorra ezarriko du ebaluazioaren emaitzak hobetu eta helburuak lortzeko». Eta, gainera, «Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan euskara lehenetsiko da jarduera-harremanetan zein profesionaletan, baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere».

Bizikidetza eta aniztasuna

Bizikidetzak eta aniztasunak ere badute atal berezitua testuan. Izan ere, bertan baloratzen den legez, «bizikidetza da etorkizuneko edozein proiektu jasangarriren ardatza». Alde horretatik, hiru bizikidetza maila daudela aipatzen da: «Gizarte anitz eta askotariko bateko bizikidetza; hezkuntza-sareen arteko bizikidetza eta eskolako bizikidetza».

«Arazo konplexua da, eskolak soilik ezin gainditu dezakeena, baina badira hezkuntza alorrean hobetu beharrekoak: ikasle etorkinak, gutxiengo etnikoetakoak, ikasteko zailtasunekin lotutako premiak dituztenak, gaitasun handikoak eta genero- edo sexu-bazterkeria arriskuan bizi direnak, besteak beste», gaineratzen du, gai honi «beharrezkoa duen ikuspegi transbertsalez eta integralez» ez zaiola beti heldu aitortu ostean. Alde horretatik, erronka honek «esku-hartze komunitarioa» eskatzen duela esaten du dokumentuak, «eremu bakoitzeko ikastetxeen eta administrazio publikoen arteko lankidetzazko esku-hartzea».

Oinarrien txostenak, egungo eskolatze eredua eraldatu eta ikasle kalteberen kontzentrazioak ekiditeko, ezinbestekotzat jotzen du «barruti/eremu bakoitzean hezkuntza-proiektu integralak garatzea», eta, beharrezko ikusten du «eskola-mapa aztertu eta egokitzea, ekitateari eta errendimenduari erreparatuz; familien kontsulta eta partaidetza-ereduak eraginkortzea; eta ikastetxeetako ikasleen arteko desorekak gainditzea hezkuntza-kalitatea bideratzeko».

Egungo euskal gizartea «justizia eta kohesio sozialarekiko sentibera» dela azpimarratzen du testuak, eta Euskal Hezkuntza Sistemak «sentiberatasun horiekin koherenteak diren egokitzapenak egiteko ardura bere gain» hartuko duela esaten du.

Hartara, azaltzen duenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko dute «legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten» ikastetxeek; hau da, «legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenek».

Zehazki, «jatorrizko desberdintasunak gainditzen lagunduko duen eskolaren aldeko apustua eginez, Euskal Hezkuntza Zerbitzuak baliabide publikoz sostengatzen diren ikastetxeak» hartuko dituela esaten du oinarrien txostenak, «dena dela bere izaera juridikoa», eta «betiere segregazioa eta gizarte bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian».

Horrekin batera, testuak nabarmentzen du hezkuntzaren kalitatea «arrakasta profesionalaren eta eraginkortasun ekonomikoaren baldintzatzaile» dela, eta, beraz, pertsona guztiei kalitatezko prestakuntza eskaintzea «aukera berdintasunetik hurbilen dagoen elementua» dela.

«Herri mailako planifikazioa, eskolaratze prozedura bateratuak eta finantziazio publikoa jasotzen duten titularitate ezberdineko ikastetxeetako ikasleen matrikulazio eta eskolaratze-planifikazioa» helburuok lortzeko «tresna egokiak» izan daitezkeela gaineratzen du, eta iragartzen du «doakotasun erreala bermatuko» dela, «eskolaratze kuotak desagerraraziz».

Datozen asteetan ekarpen berriekin osatuko da Hezkuntza Hitzarmenaren Oinarrien txostena, eta, orain arte ez bezala, eragileek ere lan horretan parte hartzeko aukera izango dute.