GARA
VIENA

Iranekin negoziazio nuklearra berrasi dute; AEBentzat akordioa presazkoa da

Harreman diplomatikoei berrekin zieten atzo Vienan, Iranen programa atomikoa blokeatu zuen akordioa, 2015eko akordio nuklearra, salbatzeko. Teheranen eskaera nagusia Donald Trump AEBetako presidente ohiak Irani ezarri zizkion zigorrak kentzea izango da.

Negoziazioaren ardatza eskaera hori Iranen programa nuklearrari mugak berrezartzearekin nola orekatu izango da. Hamaika eguneko etenaldiaren ostean, Alemania, Estatu frantziar, Erresuma Batu, Txina, Errusia eta Irango negoziazio taldeek –eta zeharka AEBetakoak– harremanak berrartu dituzte.

Estatu Batuek orain arte «aurrerapenak» izan direla uste dute, baina behin betiko erabakia «premiazkotzat» jotzen du. Izan ere, Washingtonen arabera, datozen asteetan lortzen ez bada, «Iranen aurrerapen nuklearrek ezinezko bihurtuko dute 2015eko akordiora itzultzea».

Irango Gobernuak azpimarratu zuen negoziazioen ardatza zigorrak kentzea dela.

Ildo horretan, adierazi zuen ez dela nahikoa Washingtonek emandako pausoa, hots, atzerriko herrialde eta konpainiei Arakeko ur astuneko erreaktorean, Teherango ikerketa-erreaktorean eta Buxehrko planta nuklearrean proiektu zibiletan lan egiten uztea.