Asier AIESTARAN

«Munduko onenekin lehiatzeko gai izan naiz»

Adur Etxezarretak ezin izan zuen super-erraldoia amaitu, baina Jokoen balorazio oso positiboa egin du.

Adur Etxezarretak ezin izan zuen aho zapore gozoarekin amaitu bere lehen Olinpiar Jokoetako parte-hartzea. Astelehenean jaitsiera proban hamazazpigarren postu bikaina sinatu ostean, atzo jokatutako super-erraldoia ezin izan zuen amaitu ibilbidetik irten zelako.

Bezperako emaitza ikusita konfiantzaz beteta ekin zion Aresokoak probari. Zeruan eguzkia zela eta tenperatura nahiko baxuekin, 42. dortsala jantzita hartu zuen irteera. Goiko aldean abiadura hartzea ezinbestekoa zen ondoren zetorren zati laua azkar igarotzeko, eta abiadura hartu nahi horretan ate bat igaro gabe utzi zuen nafarrak.

«Zapore gazi-gozoarekin amaitu dut, gaur ere emaitza on bat lortu nahi nuelako, baina nire lehen Olinpiar Jokoen balorazioa positiboa da. Asteleheneko emaitzatik haratago, uste dut egun hauetan oso maila onean eskiatu dudala eta munduko onenekin parez pare lehiatzeko gai izan naizela. Azkenean hori da itzuleran etxera eramango dudana», adierazi zuen Etxezarretak probaren amaieran.

Garaipena Matthias Mayer austriarrarentzat izan zen, orain lau urte bezalaxe, 1:19.94ko denborarekin. Zilarra Ryan Cochran-Siegle estatubatuarrak jantzi zuen (1:19.98) eta brontzea Aleksander Aamodt Kilde norvegiarrak (1:20.36). Aipagarria da Mayerrek lortutako balentria: eski alpinoan hiru Olinpiar Jokotan jarraian urrezko domina janzten duen lehen gizona da –Andre Aamodt norvegiarrak irabazi zituen hiru urre hiru ediziotan, baina ez jarraian–.

Salsamendi eta Eguibar

Etxezarreta ez zen izan atzo lehiatu zen euskal kirolari bakarra. Manex Salsamendi nafarrak iraupen eskiko estilo libreko esprintean hartu zuen parte Brasilgo selekzioa ordezkatuz eta sailkapen proba 71. postuan amaitu zuen, final-laurdenetarako txartela ematen zuten lehen 30 postuetatik oso urrun. Ama brasildarraren abizenarekin lehiatzen den euskaldunak 3:08.64ko denbora behar izan zuen kilometro eta erdiko ibilbidea osatzeko, Lucas Chanavat frantziarrak egindako denbora onenetik (2:45.03) 23 segundora geratuz. Urrea Johannes Klaebo norvegiarrarentzat izan zen.

Emaitza onak lortzeko Salsamendik baino aukera gehiago ditu Lucas Eguibarrek. Donostiarrak bihar du hitzordua snowboard kroseko proban, eta atzo eginiko adierazpenetan esan zuen kostatzen ari zaiola pistara moldatzea. «Gaur mantso ibili naiz, baina badakit zer egin dudan gaizki eta bihar askoz hobeto egon naiteke», aipatu zuen Efek bidalitako elkarrizketa batean, ibilbideak “regular” direnei (eskuin hanka atzean) mesede egiten diela salatuz. Hala ere, borrokarako prest dagoela argi utzi zuen: «Horrela izan da beti, borrokatu beti egiten dut. Eta erortzen banaiz altxa. Urrea lortzen bada, bikain, eta bestela ezer ez».

Hainbat marka eta lorpen

Marka eta lorpen ugari utzi zituen atzoko jardunaldiak Pekingo Olinpiar Jokoetan. Nathan Chen estatubatuarrak, esaterako, patinaje artistikoan 113,97 puntu eskuratu zituen programa motzean, inoiz lortu den kopuru handiena, baina oraindik programa luzea falta da eta ez dauka garaipena ziurtatuta. Urrea jada ongi gordeta daukana, aldiz, Kjeld Nius herbeheretarra da, abiadura patinajean 1.500 metroko proba irabazi ondoren. Irabazi bakarrik ez, Niusek hogei urte indarrean zeramatzan Jokoetako errekorra hobetu zuen 1:43.21eko denborarekin, eta Olinpiar Jokoetan lortzen duen hirugarren urrea bereganatu zuen. Ez da atzean geratzen Natalie Geisenberger alemaniarra ere, luge modalitatean banakako proban garaipena lortuta. Hirugarren urrea du jarraian eta seigarren domina; horietatik bost, urrezkoak. Eileen Gu txinatarra ere protagonista izan zen, akrobazia-eskiko “big air” proban garaile irtenda.A.A.