GARA
geneva

Afrikako Adarrean 5 urtetik beherako 5,5 milioi haurrek malnutrizioa dute

Unicefek eman dituen datuak oso kezkagarriak dira eta, gainera, okerrera egingo dutela uste du erakundeak. Covid-19ak, gatazkek eta klima aldaketak egoera oso gogorra sortu dute familientzat eta, batez ere, haurrentzat. Nazio Batuetan laguntza eskatu zuen atzo Unicefek.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak salatu duenez, bost urtetik beherako 5,5 milioi haurrek dute «muturreko malnutrizioa» Afrikako Adarrean, lehorte larri batek, gatazkek eta covid-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz.

«Afrikako Adarreko haurren eta familien egoera larria da. Etsita daude. Milioika bizitza daude hari batetik zintzilik», ziurtatu zuen atzo Mohamed M. Fall Unicefeko Ekialdeko eta Hegoaldeko Afrikako Eskualdeko zuzendariak Genevan emandako prentsaurrekoan. Fallen ustez, «beharrak masiboak eta premiazkoak dira, eta dauden funtsak azkar amaitzen ari dira. Hondamendia saihesteko berehala hasi behar dugu lanean».

Unicefek bildutako informazioaren arabera, Eritrean, Etiopian, Kenyan eta Somalian 20 milioi pertsonak ura eta elikadura-laguntza beharko dute datozen sei hilabeteetan. Agentziak ohartarazi zuenez, arriskuan dauden pertsonetatik asko haurrak dira. Azken 40 urteetan klimak eragindako larrialdirik larriena pairatzen ari da eskualdea. Hori gutxi ez, eta eskualdea covid-19aren, gatazken eta klima aldaketaren ondorioei aurre egin beharrean ere bada. «Haurrak dira sortu ez dituzten krisien ondorio larrienak ordaintzen ari direnak», deitoratu zuen M. Fallek.

Unicefek azaldu zuenez, azken hiru urtaroak oso lehorrak izan dira eta ondorioz ur-eskasia larrian da eskualdea: ganadua eta laboreak hil egin dira, jendeak lekuz aldatu behar izan du eta gaixotasunak eta desnutrizio larria izateko arriskua areagotu egin da. Larrialdi egoeraren ondorioz, haurrek ez dute ez etxerik, ez janaririk, ez eskolarik. Bizitzak salbatzen dituzten osasun-zerbitzuetarako sarbiderik ere ez dute.

Era berean, lau herrialde horietan desnutrizio akutu egoeran dauden 5,5 milioi haurretatik 1,4 milioik desnutrizio akutu larria jasaten dutela kalkulatzen da. Unicef beldur da kopuru hori %50 handituko ote den datozen hiru hilabeteetan euriteak iristen ez badira.

Somalian 5 urtetik beherako 1,3 milioi haur daudela desnutrizio egoeran kalkulatzen da, tartean 295.000 oso egoera larrian. Kopuru horiek okerrera egitea aurreikusten da gainera.

Unicefek ohartarazi zuen familiak muturreko neurriak hartzen ari direla bizirauteko. Kasu askotan etxetik alde egiten ari dira, eta horrek arrisku bizian jartzen ditu haurrak.

Klima krisiaren ondorioak

Egoera ikusita, Unicefek 107,8 milioi euro eskatu dizkio nazioarteko komunitateari, 2022ko ekainaren amaierara arte lau herrialde horien beharrei premiaz erantzuteko eta, horrela, haurrentzat eta haien familientzat hondamendia saihesteko. «Afrikako Adarreko lehorteaz eta ur eskasiaz gain, klimarekin lotutako krisien ondoriorik okerrenak pairatzen ari diren haurrengan jarri nahiko nuke arreta», esan zuen atzo kezkatuta Fallek.

“Batsirai” zikloia ere aipatu zuen Fallek: 70.000 pertsona baino gehiagok utzi behar izan dute euren etxea Madagaskarren, ehunka eskola eta osasun-zentro suntsitu ditu, eta errepideak kaltetu. «Hori baino lehen, ‘Ana’ ekaitz tropikalak hondamena eragin zuen Madagaskar, Mozambike, Zimbabwe eta Malawiko leku batzuetan, berehalako laguntza humanitarioaren beharra sortuz», gaineratu zuen.

Unicefek «erantzun kolektiboa» eskatu du, edateko ura, nutrizioa eta haurrentzako gune seguruak bermatzeko. Erakundeak nabarmendu zuenez, jasotako laguntzari esker aurreko goseteak saihesten lagundu ahal izan du eskualdean, eta «berriro egin dezakegu, eta egin behar dugu».