GARA
ALPINISMOA

Txikonek amaitutzat eman du Manasluko espedizioa

Alpinista bizkaitarrak eta bere taldeak aurtengo saiakera bertan behera uztea erabaki dute, datozen egunetan ere eguraldiak ez duelako aukerarik emango.

Alex Txikonen eta bere taldekideen azken eguna izan zen atzokoa Manasluko oinarrizko kanpalekuan. «Egoera bideraezina» dela nabarmendu zuen lemoarrak Instagram bidez zabalduriko bideoan. «Hemen egiteko ezer gutxi dago dagoeneko», gaineratu zuen bizkaitarrak.

«Negu gogorra izaten ari da. Bi egun eguzkitsu izan eta hurrengo bi egunetan elur piloa egiten ari da», azaldu zuen Txikonek, horrek energia asko xurgatu dizkiela onartuz. «Oso nekatuta gaude», gaineratu zuen, kide batzuk baikorrago eta beste batzuk ezkorrago daudela onartuta.

Hilaren 16rako elurtea iragarrita dagoela aurreratu zuen Txikonek eta, ondoren, haizete bortitzak. Hala, Iñaki Alvarez gipuzkoarrak gaineratu legez, «hoberena» aurtengo proiektua bertan behera uztea da, «lehentasuna guztiok osasuntsu jaistea delako, lagun bezala; azken lekuan uzten dugu tontorra».

Apur bat gehiago itxaron nahi zuten oinarrizko kanpalekuan, baina azkenean gaur bertan beherantz egiteko asmoa daukatela aurreratu zuten Alex Txikonek eta bere taldekideek sareen bidez helarazitako mezuan.

Espedizioa abenduan iritsi zen Manaslu inguruetara, neguan tontorra egiteko helburuarekin. Iaz 7.000 metro ingurura iritsi ziren, baina azkenean ezin izan zuten azken helburua lortu. Aurten lehenago joan ziren Manasluko oinarrizko kanpalekura, guztia lasaixeago egin asmoz, baina are zailtasun gehiagorekin topo egin dute.

Txikonen espedizioa abenduaren erdialdera heldu zen Nepalera eta hasieratik izan zituzten arazoak elurrarekin. Bizkaitarrak bere mezuetan aipatu izan duenez, sekulako elurteak izan dituzte aurten eta behin baino gehiagotan hutsetik hasi behar izan dute lanean.

Are gehiago, une jakin batean Manasluko oinarrizko kanpalekua utzi eta Samagaun herrira jaitsi behar izan zuten. Hiru bat aste eman zituzten bertan eta urtarril amaieran itzuli ziren gora, nahiz eta azkenean baldintzek ez dieten aukerarik eman.