Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jardunaldi perfektua itxi zuen Aspek Tafallan

Piloteoan nabarmen nagusituta, Irribarria-Rezustak euren eskura dute lehen bien artean sailkatzea.

IRRIBAR.-REZUSTA 22

LASO-IMAZ 12


Egia da, banan-banan galdetzen hasita, Elezkanok eta Zabaletak nahiago izango zutela garaipena Laso-Imazen eskuetara joan izan balitz –lehen postuan berdinduta dauden hiru bikoteek azken jardunaldiko euren partida aurrera ateratzeko gai badira, egungo txapeldunek jokatu behar lukete play-offa–, baina Irribarria eta Rezustak Tafallan lortutako puntuarekin jardunaldi perfektua izan da lehen itzuliko azken-aurreko hau Aspeko pilotarientzat.

Ostiral eta larunbateko emaitzak ezagututa, Tafallako Ereta pilotalekura irten ziren bi bikoteek ongi baino hobeto zekiten edozein akats garesti ordainduko zutela eta bakoitza bere armekin saiatu zen aurkariei aurre egiten. Joa, pilotari ematen dioten abiadura, da 2017ko txapeldunen dohainik bereizgarriena eta bere horretan asmatzen dutenean ia ezinezkoa da bi ezkerrei aurre egitea.

Eta horretan, piloteoan agintzen eta pilota luze ibiltzen, oso eraginkor aritu ziren bi ezkerrak, goraino bete zen Tafallako pilotalekuan. Jokoan arrisku gutxi hartuz, pilota astintzen saiatu ziren eta Laso-Imaz ezinean aritu ziren aurkarien sendotasunaren aurrean.

Ahal zuen bakoitzean erasora pasatuz eta arriskuak hartuz, saiatu zen Laso erauntsiari aurre egiten, baina binakako berdinketatik aurrera ikaragarri kostatu zitzaion, sartzekotan oso urrutitik egin behar izaten zuelako eta horrek ere asko zailtzen baitzuen bere lana. Aspaldiko Rezusta freskoenak oso luze ibili zuen pilota eta Imaz ongi defendatu bazen ere, partida atzetik aurrera jokatu behar izan zuten Baikokoek (10-3) oso hasieratik.

Partida gogortu

Ezin esango diete Bizkarreta-Gerendiaingoari eta oiartzuarrari ahaleginik eta lanik ez zutela egin; egia esan behar bada, azken markagailuak iradoki dezakeena baino lan gehiago egin behar izan zuten Irribarriak eta Rezustak 22ra heltzeko.

Belauneko lesioa erabat ahaztuta, aurrelari aramarrak gero eta konfiantza handiagoa du bere buruarengan eta kantxan nabari zaio. Erasoan, pilota irteten zaion abiadurarekin, ez ditu angeluak gehiegi bilatu behar eta, hasieran Lasoren aurrean errespetuz aritu bazen ere, azkenerako 11 tanto apuntatu genizkion. Defendatzea tokatu zitzaionean ere nahikoa eraginkor aritu zen.

Partida erditik aurrera, batez ere pilotak gastatu eta aurkariek euren materiala kantxaratu zutenean, Beñat Rezustari pixka bat gehiago kosta zitzaion aurkariei pilota kentzea, Imazek alde horretatik hobeto eutsi zion fisikoki eta Lasok pilota aurrerago hartuta, markagailua zertxobait txukuntzea lortu zuten. Aurretik ere izan dituzte Irribarria eta Rezustak oso erraz irabazten joan eta galtzeraino zaildu zaizkien partidak, baina atzo Tafallan ez zegoen inolako despisterako betarik. Ordura arte funtzionatu ziena eginez, Rezustak berriz egin zuen gora, piloteoan berriz ere agindu eta balio ikaragarriko puntua eskuratu zuten.

Dena argiago Promoziokoan

Gauzak askoz argiago daude Promozio mailako txapelketan eta play offa jokatuko duen laugarren bikotea zein izango den argitzea baino ez da faltako. Atzo Tafallan galdu arren, Salaberria-Erostarbek aurretik aterata zuten finalerdietarako txartela, Bakaikoa-Elizegirekin batera.

Hortik aurrera, Zubizarreta-Eskirozek, Victor-Gaskuek eta Zabala-Etxebarriak play offak jokatu behar izango dituzte oraindik argitzeke dagoen laugarren bikote batekin.

Larrazabal-Salaverri II.a eta Alberdi-Uriondo dira lehia horretan dabiltzan bikoteak eta lehenek puntu baten aldea izango lukete azken jardunaldi horri begira. Hau da, Victor-Gaskueri larunbatean Zallan irabazteko gai badira, txartela eurentzat izango da. Bestela, Egiguren-Ladis Galarzak Alberdi-Uriondori irabaztea beharko lukete; puntuetara berdinduz gero, Alberdi-Uriondo sailkatuko lirateke.