Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Eli Cesareok Bera Bera utziko du sasoi bukaeran, beste liga batera joateko

Eli Cesareo pibot katalanak ez du Bera Beran jarraituko, behin denboraldia bukatutakoan. Klubak eta jokalariak atzo eman zuten erabakiaren berri, Bidebietan eginiko prentsaurrekoan. Hiru denboraldi beteko ditu Donostian Sant Joan Despin jaiotako kirolariak eta, hazten jarraitzeko, «erabaki egokia» delakoan dago. Oraindik ezin izan du zehaztu zein taldetara joango den, baina adierazi zuen «beste liga batera» joango dela.

Donostian «oso zoriontsu» izan dela onartu zuen, pertsona zoragarriak ezagutu dituelako, «pista hain taldekide onekin partekatu» duelako. «Miresgarria izan da», nabarmendu du. «Ohorezko Mailan joka dezakezula kontziente zarenetik, gehienok desio dugu Bera Berara iristea», gehitu du, Donostiako kluba «erreferente eta eredu» dela azpimarratuz. Hala, oso pozik agertu zen Bera Beran jokatzeko izan duen aukeragatik –Aula Valladoliden bi urte eman ostean iritsi zen Donostiara– eta klub osoa eskertu nahi izan zuen: alboan zuen Tati Garmendia arduraduna –hunkitu egin zen donostiarra–, Imanol Alvarez entrenatzailea, talde teknikoa osoa, Nerea Uranga fisioterapeuta –«eskumuturreko lesioa osatzen laguntzeagatik»–, zaleak eta prentsa: «Ez dut inor ahaztu nahi».

Nolanahi ere, taldeak oraindik helburu garrantzitsuak dituela jokoan gogorarazi zuen –liga eta Kopa, kasu– eta nabarmendu zuen Illunben Kopa garaikurra altxatuz joan nahi duela Donostiatik. Aurreko bi denboraldietan Bera Berak ezin izan du Kopa irabazi eta «arantzatxoa» daukala onartu du Cesareok.

Tati Garmendiak, bestalde, azpimarratu zuen Cesareo «oso jokalari garrantzitsua» izan dela taldean eta, beraz, pisuzko baja bat izango duela datorren denboraldian. Aurreko urteetan gertatu legez, talde indartsua osatzeko lan egin beharko duela esan zuen argi. Bere profesionaltasunagatik eta emandako guztiagatik, eskerrak eman zizkion Cesareori.