GARA Euskal Herriko egunkaria
EAE

Publikotasuna eta euskara, LABen eta Kontseiluaren ekarpenen ardatz

EAErako Hezkuntza lege berriak «hizkuntza ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia» egin dezala eskatu du Kontseiluak, duela egun batzuk ezagututako zirriborroari egindako ekarpenean. LAB sindikatuak, «eskola publikoa erdigunean» jarri eta egungo eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea proposatu du.


EAErako Hezkuntza lege berria hitzartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, eta, ildo horretan, Gasteizko Ganberan gaia jorratzen ari den ponentziaren buruak egindako zirriborroa eragile desberdinen ekarpenak jasotzen ari da egunotan.

LABek eta Kontseiluak, adibidez, atzo ezagutarazi zituzten euren zuzenketak, eta orain arte hizpide izan diren auzi nagusiak nabarmendu dituzte biek ala biek: publikotasuna eta euskara.

Euskalgintzaren Kontseiluak bi ataletan bereizi ditu bere hemezortzi zuzenketak. Alde batetik, hezkuntza komunitateko eragile nagusienekin abenduan adostutako “Euskaraz hazi, berdintasunean hezi” adierazpenari lotutako bi ekarpen egin ditu, eta, bestetik, “Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen” proposamenean oinarrituta beste hamasei.

Lehen atalari dagokionez, gogora ekarri du abenduaren 16an EHIGEk, Ikastolen Elkarteak, HEIZEk, Kristau Eskolak, Hik Hasik, ELAk, LABek eta Steilasek, Kontseiluarekin berarekin batera, ekarpena aurkeztu zutela, eta nabarmendu du gaur egun, eragile sozialen, sindikalen eta euskalgintzaren aldetik ez dela lortuko «horrelako adostasunik hitzarmenaren beste edozein puntutan». «Horrexegatik, hezkuntzaren gehiengoaren eskaerak oinarrien zirriborroan jaso ez izana, harriduraz ez ezik, kezkaz ere hartu du Kontseiluak», nabarmendu du euskalgintzaren erakundeen bilguneak.

Horrela, aipatutako eragileek adostutako adierazpena bi ekarpenetara ekarri du Kontseiluak. Lehenaren arabera, bidean dagoen hitzarmenak jaso beharko luke orain dela momentua «hizkuntza ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko». Bigarrenak, aldiz, «hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela jasotzeko» eskatzen du.

Bi ekarpen horiez gain, Kontseiluak beste hamasei zuzenketa egin dizkio dokumentuari, 2008an hezkuntzako eragile nagusienekin jorratutako “Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen” proposamena oinarri hartuta.

Hala, beharrezkoa deritzo euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan jasotzea, «baldin eta hizkuntza berdintasuna helburu izango duen legea idatziko bada». Bestalde, Kontseiluak dei egin die alderdiei «hurrengo legearen oinarri izango den hitzarmenean ikasle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeari lehentasuna ematea, inor atzean utzi gabe».

Publikoaren alde, jarrera argia

LAB sindikatuak ere atzo eman zuen bere zuzenketen berri, «azken hamarkadetan euskal hezkuntzan sortu diren arazo eta arrakalak» gainditzeko asmoz onduak. Bere esanetan, dena den, Hezkuntza Ponentzian aurkeztutako lehen zirriborroan badira «norabide egokian» kokatzen diren hainbat kontu, hala nola, kuotak desagertzeko asmoa, euskalduntzearen aldeko borondatea edota herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzordeak sortzea, esaterako.

Hala ere, hitzarmenaren helburu nagusiak gehiago definitzeko beharra azpimarratu du, hori egin ezean, «kontrakoak izan daitezkeen bi bide» har daitezkeela iritzita: «Ituntze sistema kontsolidatzea ala egungo eredu duala gainditze bidean jartzea». Bigarrena da LABen apustua, agertu duenez: «Euskal eskola publiko komunitarioko konfluentzian aurrera egitea».

Horrela, eskola publikoa erdigunean jarri eta berau ardatz duen sistema eraikitzeko galdegin du LABek, eta indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea planteatzen du, «konfluentziatik –eta ez sareen elkarbizitza eta betikotzetik– sortutako bidea eginez».

Horrekin batera, «Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin amaitzeko konpromiso sendoa», aldarrikatzen du, eta horretarako «kontrol publikoa indartzeko» premia ikusten du

Bestalde, sindikatuaren ustez, «euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da, hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte». Kritikatu du, halaber, soilik irakasleen lan baldintzei buruz hitz egiten dela, eta gainontzeko langileak ere barne hartzeko galdegin du.

EH Bilduk «ekitate falta larriari» aurre egiteko neurriak nahi ditu

Pello Otxandiano EH Bilduren Programa arduradunak atzo adierazi zuenez, «eskola publikoak gehiago izatera pasatu behar dira», eta horretarako ezinbestekoa da EAEn Hezkuntza Lege berrian eskola publikoa ardatz izatea; izan ere, bere esanetan, «eskola publikoan abandonu sentsazio bat» dago. «Ez zaio atentziorik eman eta ez dira ematen ari eman behar ziren aldaketak. Eta errekonozimendua ere merezi du herrigintzaren alde egindako lan guztiagatik, are gehiago, dituen baliabide urriak kontuan izanda», azpimarratu zuen Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Otxandianoren ustez, Gasteizko Legebiltzarrean jorratu den legearen helburua «salto kualitatibo bat ematea eta segregazioaren auziari behar den seriotasunez erantzutea» izan behar da. EH Bilduk egin dituen ekarpenei dagokionez, Otxandianok kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar dela nabarmendu zuen, haren aburuz, «diru publikoa jasotzen duenak konpromiso batzuk» hartu behar dituelako, «eta administrazioak horiek betearazi». «Ekitate falta larria dago eta neurriak hartu behar dira. Planifikazio estrategiko bat behar da, doakotasun erreala, finantzazio publikoak jasotzen dituenak ezin ditu kuotak kobratu, eta, hirugarrenik, sistema bera eraldatu behar da», gaineratu zuen.

Horrekin batera, euskalduntzean jauzia eman beharra dagoela azpimarratu zuen EH Bilduko ordezkariak, salto nabarmen bat «irakasteredu berri baterantz, non euskara izango den ardatza».GARA