GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

«Azkeneko anarkista»-ri ahotsa eman diote Gavarnieko atikoan

Joan den urtarrilaren 30ean, Ekaitz Maizek eta Tasio Martinek BAP!! taldearen abestiaren izenarekin bataiatu duten bidea zabaldu zuten Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorrean. Bi eskalatzaileon bide berriak 320 metro ditu, eta 7a eta M4 mailako zailtasun teknikoak.


BAP!! taldearen “Azkeneko anarkista” abestiaren doinuak ozen entzun dira Gavarnieko zirkuaren urrutiko leku batean. Hain zuzen ere, Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorreko iparraldeko horman. Musika trenak jotzen, berriz, Ekaitz Maizek eta Tasio Martinek jardun dute. Eta kontzertu berezi horrek emaitza ederra eman du: “Azkeneko anarkista”-k leku propioa hartu du hirumilakoaren pareta laiotzenean. Hots, eskalatzaileok izen hori jarri diote sortu berri duten bideari.

Maizek ondo baino hobeto afinatuta zituen musika tresnak; izan ere, Garvarnieko atikoan eskarmentu handia du. Zirku horretako izotzezko marrez gain, Marboreko Dorrea eta, jakina, Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorra bera ere ondo ezagutzen ditu. Martin gaztea, berriz, bikain moldatu da etxauriarrak jarritako erritmora. Urduñarrak aurreratu digu bere sokakideak eginiko deiari ezin izan ziola muzin egin: «Ekaitzek aspaldi zuen asmoa zen; hots, ireki dugun marra aspalditik zuen buruan. Passet ertza eskalatu zuenean, argazki batzuetan, agerikoa den artesi bat ikusi zuen. Duela aste batzuk Gavarnien eskalatzen kointziditu genuen. Ondoren, mezu bat bidali zidan esanez artesi hori eskalatzea nahi ote nuen. Osteguna zen, eta Siuranan eskalatzen ari nintzen. Larunbatean elkartu eta xede hori betetzera abiatu ginen».

Bi eskalatzaileok eguraldiak eskainitako egoera egonkorra aprobetxatu zuten. Antizikloiak sendo jarraitzen zuen kokatuta, zeru urdinak ziren nagusi eta, 3.000 metrora, bi graduko tenperatura. Hurbilketa ibilbidea hego isuritik egitea erabaki zuten. Eta Martinek aipatu digun bezala, nahastu egin ziren:&flexSpace;«Ordesatik irten, Gorizetik igaro eta Marboreko bizkarraren oinarrian egin genuen bibaka. Biharamunean, ipar isurian sartu ginen, eta ibilbide hori oso luzea egin zitzaigun; galdu egin ginen! Mapa ikusi genuenean, ohartu ginen egundoko itzulia eman genuela».

Urtarrila amaitzeko bi egun falta zirenean, bi protagonistok Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorraren iparraldeko murruan lehen urratsak egin zituzten. Zabaldu berri duten marra “Bizi bizitza”-ren ezkerrera dago. Bi artesi paralelo daude, eta horietatik agerikoena aukeratu zuten. Oro har, “Azkeneko anarkista”-n arroka da nagusi: «Lehen luzeko mugimenduak mistoan egin genituen; M4 mailako bizpahiru metro. Elur pixka bat gainditu eta bilerara heldu ginen. Kranpoi eta pioletekin egin genuen luzea hori. Ondoren, botak kendu eta katu-oinekin sekzio oso onak gainditzeko gai izan ginen. 6c zailtasuneko luze eder bat genuen aurrez aurre. Pixka bat zikin zegoen, baina arrokaren kalitatea ona zen. 50. metroan txapa bat jarri genuen».

Maiz eta Martin elur zelai batera heldu ziren. Hura igo eta bidearen luze gogorrenari ekin zioten: «7a mailako artesi bikaina. 60 metro oso-oso luze. Fisureroak eta friendak bikain sartzen ziren. Eta iltze bat ere jarri genuen. Kalitate handiko metroak izan ziren, babesteko primerakoak».

Azken bi luzeak 5+ mailakoak eta arroka oso onekoak izan ziren. Hormaren amaieran ziren, eta “Azkeneko anarkista”-ren azken notak amaitutzat eman zituzten: M4, 7a eta 320 metro.

Marra ederra

Neguan zabaldutako marraren inguruan galdetuta, Martinek dio esperientzia ederra bizi izan duela Maizekin: «Horma hori ezagutu nahi nuen, eta Ekaitzen gonbidapena bikain etorri zitzaidan horretarako. Oso urrun dago, eremu basati batean eta bisita oso gutxi jasotzen ditu. Uste dut bide oso polita zabaldu dugula, eta, gainera, Ekaitzekin asko ikasi dut. Eguraldi ederra, sokakide itzela alboan, inguru liluragarri batean esperientzia ederra bizitzeko aukera... zer gehiago eska daiteke?».