GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Barrenetxeak irabazi du piloteo oso gutxiko finala Mastersean


Endika Barrenetxeak merezita irabazi zuen atzo Iparlur Masterseko finala, Imanol Ansa 30-22 menderatu ostean. Hernaniko atzelariak sendotasun handiagoa erakutsi zuen sakean nahiz piloteoan eta horri esker bereganatu zuen txapela.

Gauza jakina da sakea dela Barrenetxearen armarik arriskutsuena buruz buruko lehietan, baina hala ere zaila da horri erantzuna aurkitzea. Lehen sakea hernaniarrari egokitu zitzaion zozketan eta aurreneko hiru tantoak sakez egin zituen 3-0 aurreratzeko.

Ez zuen burua jaitsi Ansa II.ak, eta aurrelari urnietarra gai izan zen markagailuan zuloa ixteko. 8-5 atzetik egon ondoren, 8-6koa errestoan egindako dejada eder batekin lortu zuen eta sakez hiru tanto jarraian eginda 8-9 aurreratu zen.

Une horretara arte finala hotz joan zen, tanto oso motzekin, eta lehen piloteoa Barrenetxeak atzean amaitu zuen 9-9ko tantoan iritsi zen. Baina hortxe amaitu zen ikuskizuna, Endikaren hurrengo sei tantoak saketik iritsi baitziren: bost berak eginak eta beste bat Ansak motzegi ateratakoa. Hortxe apurtu zen finala: 13-1eko partzial batekin Barrenetxea 21-10 aurreratu zen.

Hortik amaierara arte indarrak berriz ere parekatu egin ziren, baina zuloa jada handiegia zen markagailuan eta Ansak ez zuen lortu aurkariaren garaipena arriskuan jartzea. Hori bai, bere kalitatearen argi printza batzuk behintzat utzi zizkigun 24-13ko dejadarekin edota 25-15eko eta 28-19ko horma-bikoekin.

Eta finala ez bezala, neurketako azken tantoa ere ederra izan zen, Barrenetxeak aurrean harrapatu zuen pilota ederki amaitu baitzuen atzean 30-22koa sinatzeko.