GARA
OTTAWA

Kanadako Polizia txertoen aurkako blokeoa hausten hasi da Ottawan

Kanadako Gobernuak milaka polizia bidali ditu Ottawa hiriburura covid-19aren aurka derrigor txertatzearen kontra dauden kamioilariek duela hiru aste hasitako blokeoa hausteko. Ehundik gora atxilotu daude jada eta Ottawako Parlamentua atzo bertan itzuli zen lanera.

Larunbat goizaldean, Poliziak Ottawako erdialdea hiru astez itxi duen matxinadan parte hartzen ari diren txertoen aurkakoak bertatik ateratzen jarraitzen zuen. Bien bitartean, agintariek Kanadako hiriburua bertako biztanleei «itzuli arte» ez dutela etsiko iragarri dute.

AFP agentziak baieztatu duenez, hainbat kamioilarik hiriburutik alde egitea erabaki dute jada, eta, adibidez, horrela egin dute Parlamentuaren inguruko kaleak ixten zituzten edukiera handiko kamioi izugarrien gidariek. Hala ere, hogei bat kamioi atoian eraman behar izan ditu Poliziak eta 100 lagunetik gora atxilotu ditu jada. Hori bai, Ottawako Poliziaren behin-behineko arduradunak onartu duenez, «denbora beharko dugu kamio guztiak kentzeko, azkar amaitzea espero badugu ere». Zaldiak ere erabiltzen ari da Polizia matxinatuen aurka, baina zauriturik ez dela ziurtatu du. Hori bai, Gobernuak ezarri duen larrialde egoeraren haritik, ahalmen berriak ditu negazionisten protestarekin amaitzeko.

Ameriketako Estatu Batuetako muga zeharkatu ahal izateko derrigor txertatzeko betebeharraren aurkako kamioilari pribatuek hasi zuten protesta. Jarraian, baina, bere egin dute ultraeskuineko taldeek. Pat King agintari ultraeskuindarra ostiralean atxilotu zuten Ottawatik ihesi zioala. Daniel Bulford polizia ohia ere giltzapean dago Tamara Lichekin batera, epailearen aurrera noiz eraman zain. Chris Barber, berriz, baldintzapean askatu dute, baina Ottawa uztera behartu dute eta epaitu egingo dute.

Bezperan itxita egon eta gero, Parlamentua atzo itzuli zen lanera. Kanadako historian Komunen Ganberak ateak itxi behar izan dituen lehen aldia da. Lanera bueltan, parlamentariek Gobernuak bultzatutako larrialdi egoera berrestea dute mahai gainean. Legea astelehenean bozkatzea espero dute.

Aurrekari bakarra, 1970ean

Bigarren aldia litzateke Kanadako historian horrelako lege bat onartzen dena. Justin Trudeau lehen ministro liberalak legez kanpoko blokeoei aurre egiteko salbuespenezko legeak behar direla defendatu du. Larrialdi egoera ezartzeko aurreko legea bere aitak, Pierre Elliott Trudeau lehen ministroak, onartu zuen 1970eko petrolio krisiaren erdian. Oposizio kontserbadoreak gogor salatu zuen ekimena.

«Gure ekonomiak eta gure demokraziak atzerritik babestutako mehatxu larriari aurre egin behar diote», esan du Chrystia Freeland lehen ministrordeak. Atzo bertan Columbia Britainiarreko gasbide bati eraso egin zioten. Ez dago jakiterik Ottawako protestekin zerikusia duenik.