GARA
SAO PAULO

176 lagun hil dira Brasilgo Petropolis hirian euriteetan

Brasilgo Petropolis hiriko euriteetan, gutxienez, 176 pertsona zendu eta beste 200 zauritu dira. Hildakoen artean 29 adingabe daude, eta adituek adierazi dutenez, hiriak inoiz bizi izan duen klima hondamen handiena da.

Iragan den asteartean euriteak hasi zirenetik, hiria hein batean suntsituta gelditu da. Izan ere, ehunka lur-jausi egon dira azken egunotan eta, ondorioz, kalte material esanguratsuak izateaz gain, suhiltzaileek atzo jakinarazi zuten oraindik 100 pertsonak baino gehiagok desagertuta jarraitzen dutela.

500 suhiltzailek baino gehiagok dihardute biktima eta desagertu gehiagoren bila. Hala ere, atzo goizaldean bilaketa eta erreskate lanak bertan behera utzi behar izan zituzten kaltetutako eremuan, etengabe jarraitzen duten eurite eta haize bolada indartsuek eragindako lurraren ezegonkortasunagatik. Goizeko zazpietan berrekin zieten lanei.

Atzora arte, larrialdi zerbitzuek, lokatz eta hondakinen artetik, 24 pertsona bizirik erreskatatzea lortu zuten.

Hondamen naturalaren ondorioz, 850 lagun inguru beren etxeetatik ebakuatu behar izan dituzte eta hirian ezarritako hogei harrera-puntuetan aterperatu dituzte.

Hainbat faktore

Bestalde, adituek uste dute hondamendi honen atzean hainbat faktore daudela: klima larrialdia, azpiegituren kalitate eskasa, inguruaren topografia, eurite oso bortitzak eta familia txiroek gune aldapatsu eta ezegonkorretan beraien etxeak, inongo segurtasun bermerik gabe, eraiki behar izana, besteak beste.

1988an eta 2011n ere ehunka lagun hil ziren Petropolisen antzeko euriteak izan zirenean.