Asier ROBLES
BILBO
EUSKARA EREMU DIGITALEAN

Ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko plana

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Puntueus Fundazioa lankidetza-akordio batera iritsi dira, ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzeko eta «.eus» domeinuaren presentzia areagotzeko helburu nagusiarekin. Horretarako, Puntueus fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Puntueus Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu zituzten, atzo, erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta “.eus” domeinuaren presentzia areagotzea da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia Puntueus Fundazioko lehendakariak aurkeztu zuten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu: Enpresetan “.eus” domeinuaren erabilera indartu eta euskararen erabilera euren ingurune digitalean areagotzea; eta erabiltzaileen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea.

Azaldu zutenez, eremu sozioekonomikoan lau esparruren arabera antolatu dituzte lehentasunak. Batetik, Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude; bestetik, enpresa elkargoak eta beraien bazkideak; hirugarrenik, merkataritza eta ostalaritza finkatu dira; eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.

Esparru desberdinetako erakunde eta enpresen domeinuak aztertu, ”.eus” domeinua txertatzeko bidea landu eta euren eremu digitalean euskara sustatzeko estrategiak nahiz eman beharreko pausoak zehaztuko dira. Zeregin horietan Lakua eta “.eus” domeinua elkarlanean ariko dira entitate zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Horretan laguntzeko trebakuntza saioak egingo dira eta behar dutenei laguntza teknikoa eskainiko zaie.

Horretarako, Puntueus fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola, “.eus” domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Arlo pertsonalari dagozkion ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskara erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, lehenik eta behin egoeraren azterketa egingo da. Ondoren, hainbat komunikazio ekintza egingo dira “.eus” domeinuaren erabilera sustatzeko edo eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

Euskara eremu digitalean

Aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi zuenez «hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatu behar diogu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko baitigu neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den. Eta bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina, bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea».

Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakariak, bestalde, Puntueusek gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela azpimarratu zuen: «Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna eskainiz, eta euskaratik egiten dugu. Transformazio digitalari euskaratik erantzuten laguntzen dion proiektua da Puntueus. 2017ko neurketaren arabera, Euskal Herriko webguneen %16k zeukaten edukiren bat euskaraz, eta %1,3 zeuden euskara hutsez. “.eus” erabiltzen duten webguneen artean, berriz, %84 dago euskaraz. Izan ere, “.eus” erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen».

Esan zutenez, euskarak ingurune digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko, euskarak bolumena eta datu kopuru esanguratsua sortzeko, bi eremu hartu behar dira kontuan: «Ezinbestekoa da webguneak euskaraz izatea eta euskara sarean ordezkatzen duen .eus domeinuaren presentzia indartzea. Baina, aldi berean, erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea».

«Lehen hitza euskaraz»

Zupiriak azaldu zuenez, «eskaintza eta kontsumo-ohiturak handitzearekin batera, ez da ahaztu behar erabakigarria dela ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori gure gailuek ematen dute eta horregatik da garrantzitsua erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea. Euskararen pisu espezifikoa handitu behar dugu Interneten, horrela erakutsiko baitiegu enpresa handiei, web garatzaileei, robotei eta abarrekoei euskaldunok interneten gaudela».