GARA
ARETO FUTBOLA

Santa Colomari irabazita gertu izango luke Kopa Osasuna Magnak

Osasuna Magnak eta Santa Colomak Ligako 13. jardunaldiko partida jokatuko dute, gaur, Iruñeko Anaitasuna pabiloian (20.00). Bere garaian atzeratutako neurketa da honakoa eta gauza asko daude jokoan, batik bat Irurtzungo taldearentzat.

Imanol Arregik gidatzen duen taldeak Espainiako Kopa jokatzeko gertu-gertu du. Horretarako, bihar garaipena lortuta esku-eskuan luke txartela. Hau da, momentu honetan zortzigarren izanda (19 punturekin), era birtualean izango luke sailkapena, sailkapen nagusian Ribera Navarra gaindituz (zazpigarren, 14 partidetan 21 puntu lortuta) eta atzean beste aurkari batzuk utziz: Cordoba Patrimonio (bederatzigarren, 13 partidatan 18 punturekin), Levante UD FS (hamargarren, 14 partidatan 18 punturekin) edo Inter FS bera (hamaikagarren, 13 partidatan 17 punturekin).

Nafarrek erritmo falta nabari lezakete gaurkoan. Izan ere, 2022. urtea hasi zenetik, bi neurketa jokatu ahal izan dituzte, Liga geldialdia eta covid kasuak egon baitira tartean. Otsailaren 2an, asko kostata izan bazen ere, Xotak Kopara gerturatzen zuen garaipena lortu zuen Burelan (2-3). Hala ere, iragan larunbatean jokatutako beste norgehiagokan galdu egin zuen Manzanaresen etxean (5-1). Hori bai, bigarren itzuliko neurketa zen; beraz, ez zuen Espainiako Koparako sailkatzeko balio.

Gaur aurrean izango duen aurkaria sasoi oso onean dago. Ligako azken bost partidetatik lautan lortu du puntuatzea (hiru garaipen, berdinketa bat eta beste porrot bat). Gainera, denboraldi honetan Jaenen etxean garaipena lortzen duen lehen taldea izan ostean iritsiko dira kataluniarrak Iruñera.