GARA
ESKUBALOIA

Zaila bezain erakargarria

Bidasoa-Irunek Fuechse Berlin indartsuaren etxean jokatuko du gaur. Gazteei aukera emango die Cuetarak.

Bidasoa-Irunek Fuechse Berlin taldearen etxean jokatuko du gaur (18.45, Etb4), EHF European League lehiaketako zortzigarren jardunaldiari dagokion neurketa. Irundarrek pauso handia eman zuten aurreko astean hurrengo faserako sailkatzeko, Artalekun Tatran Presov talde eslovakiarrari irabazita, eta gaur lasaiago jokatu ahal izango dute multzoko talderik indartsuenetako baten aurka –Wisla Plock taldearekin berdinduta dago lidergoan sei garaipen eta porrot bakarrarekin–.

Zailtasunak, ordea, ez ditu aurkariak bakarrik ipiniko gaur. Izan ere, talde irundarrak baja asko dituela bidaiatu du Alemania aldera. Jon Azkue, Rodrigo Salinas eta Adrian Sanchez min hartuta daude oraindik, eta izen garrantzitsu horiei Kauldi Odriozolarena batu zaie orain, aurreko larunbatean Bartzelonaren aurkako partidan giharretako arazo batzuekin amaitu ondoren. Badirudi ez dela larria, baina ez dute arriskatu nahi.

Hutsune horiek betetzeko harrobiko jokalari batzuk eraman ditu Jacobo Cuetarak Alemaniako hiriburura. «Ostegunean Valladoliden aurka jokatuko dugu eta ezin dugu jendea behartu. Etxeko gazteekin osatu dugu deialdia eta betiko bidean jarraituko dugu, datozen hitzorduak ahalik eta ongien prestatzen», adierazi zuen Bidasoa-Iruneko entrenatzaileak atzo emandako prentsaurrekoan.

Ez da ahaztu behar Bidasoak egoera oso antzekoan egin ziola aurre Bartzelonari asteburuan, eta gazteek oso itxura ona eman zuten Europako talde onenetako baten etxean. «Gazteekin jokatuko dugu, minutu gehiago izango dituzte eta ea zer maila ematen dugun. Esperientzia hartu eta hazten joateko aukera izango da jokalarientzat», aurreratu zuen Cuetarak.

Entrenatzaileak Fuechse Berlinen maila goraipatu zuen, nahiz eta azken jardunaldian ligaxkako bere lehen partida galdu zuen Erik Balentziagaren Tolosaren aurka (28-27). «Laugarren doaz Alemaniako ligan eta lehen postutik gertu. Europako lehiaketetan ere finaletan sartzea zer den badaki. Ziur aski, Jacob Holm izango da beraien jokalari onena, baina goi mailako beste hainbat dituzte, Viran Morros bera defentsan, esaterako», deskribatu zuen aurkaria.

Irabaztea oso zaila izango den arren, baliteke Bidasoa-Irun gaur bertan sailkatzea matematikoki hurrengo faserako, partida zailak dituzten Tatran Presov eta Pfadi Winterhur taldeek ere galdu egiten badute. «Badakigu zaila izango dela, baina aukera honetaz gozatzen saiatu behar dugu. Edonork ezin du horrelako aurkari baten etxean jokatu eta onena ematen saiatuko gara maila ona emateko».