GARA Euskal Herriko egunkaria

Miguel Maria Iturbide, Poliziak tiroz hila; beste «zigor gabeko krimen» bat argitara

Miguel Maria Iturbide Zugarramurdin bizi zen, 16 urte bakarrik zituen eta Guardia Zibilaren tiro hilgarri bat jaso zuen 1967. urtean. Jarraian, ETAko kide izateaz akusatu zuten, noiz eta erakundea oraindik ere inoren aurka tirorik egin gabea zen garaian. Gazteari 1967an gertatutakoa atzo Altzan aurkeztu zuten liburu batek kontatzen du.


Mikel Zabalzarengandik Miguel Maria Iturbiderengana, Guardia Zibiletik Guardia Zibilera, PSOEren Gobernutik frankismoaren tunel beltzera. Bada, 1985ean Intxaurrondon hildako orbaizetar gaztea bizi zen Donostiako Altza auzoak, formetan xelebrea eta edukiz sakona den liburu baten aurkezpena jaso zuen atzo. Liburuak Miguel Maria Iturbideren historia ekartzen du argitara, 16 urte eskas zituen Zugarramurdiko gazte batena, Guardia Zibilak 1967an tiroz hil zuena.

Historia ez da berria, “Diario de Navarra” egunkariak gertakariaren biharamunean bertan gertatutakoaren fede eman baitzuen. Alabaina, xehetasunak dira berriak. Izan ere, herrian kasuaren inguruko isiltasuna zabaldu zen lekukotasun bat Xabier Susperregi Errenteriako idazlearen eskuetara heldu arte. Testigantza jaso zuenean, Susperregi sorginkeriaren inguruko lan bat tarteko zen Zugarramurdin. Baina, hortik aurrera, ezin izan zuen gaia burutik kendu.

Hari hartatik tiraka, Susperregik gaztearen senide zuzenekin eta gertakariaren lekukoekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta, horri esker, gertatutakoaren inguruan sakonki dokumentatzea lortu du. Gainera, “Crimen sin castigo” liburuan garai hartan zugarramurdiarrak nola bizi ziren ere deskribatu du. Zehazki, gertatu zena da Miguel Maria, bere bi anaiekin batera, ganaduarekin kontrabandoan zebilela hiru guardia zibilekin ustekabean topo egin zutenean. Horietako batek tirokatu eta hil egin zuen.

Albistea herrira hurrengo egunean iritsi zenerako, gazteari pistola eskuan jarria zioten jada, bertsio ofizial sinesgaitz bat berreraikitzeko asmoz: ETAko kidea zen, guardia zibilak erasotzen saiatu zen eta poliziek beren buruak defendatzeko egin zioten tiro. Sinesgaitza, ez soilik oraindik urtebete falta zelako ETAren lehen ekintza hilgarrirako, baizik eta Miguel Mariari pistola eskuineko eskuan jarri ziotelako… ezkerra zenean!

Liburuak tiroaren egilearen izena ere ezagutarazten du, dagoeneko hilda dagoena, inongo zigorrik jaso gabe. Gertakaria izan eta segidan herritik aldendu zuten hiltzailea.

Bestelako kasuen testigantzak

Esplizituki izaera berdineko pasarte askoz gehiago daudela onartuz, Susperregik «zigorrik gabeko krimen» izendatu dituen beste lau kasu ere batu ditu, 55 urte dokumentatu gabe zeramatzan kasu hau baino ezagunagoak. Horietako bat Jose Antonio Cardosarena da, Errenteriako postaria. HBko agintariei igorritako bonba-gutun baten ondorioz zendu zen, 1989an.

Gainerakoak bi kasuetan, zuzeneko lekukotasun hunkigarriak jaso ditu egileak. Tartean, Idoia Zabalzarena eta Maider Garxia Martinena. Zabalak Xabier Susperregi idazlearekin, Fernando Arburuarekin eta Mikel Alemanekin batera hartu zuen parte Altzan atzo egindako aurkezpenean, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak antolatuta.

Susperregik goizegi hil zuten Zugarramurdiko gazteari eskainitako poemak ere idatzi ditu. Migel Maria Iturbiderentzat justiziarik ez da egon, baina, gutxienez, memoria bai azkenean.