FEB. 26 2022 KALITATEZKO OSASUNGINTZA PUBLIKOAREN ALDEKO GREBA Osakidetzako grebaren jarraipena %70ekoa izan dela diote sindikatuek Osakidetzan Lehen Arretan dauden gabeziak salatzeko berriro mobilizatu ziren atzo EAEko osasun langileak. Deitu duten lehen greba eguna izan zen, eta jarraipena %70ekoa izan zen, sindikatuen arabera. Lakuak %29ra jaitsi zuen jarraipena, eta protesta ez zuen justifikatutzat jo. Astelehenean berriz egingo dute greba, osasun sistema osoan. (Autor: Jaizki Fontaneda | FOKU) Alaia SIERRA BILBO Konponbide «berehalakoak, egiturazkoak eta sakonak» eskatu zituzten atzo Osakidetzako Lehen Arretako langileek lehen greba egunean egindako elkarretaratzeetan. Sindikatuen arabera, osasun langileen %70ek egin zuten bat deialdiarekin. Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bi greba egun deitu dituzte Osakidetzan; lehenengoa, atzokoa, Lehen Arretan, eta bigarrena, astelehenean, sistema osoan, osasun publikoko langileei eta erabiltzaileei eragiten dieten arazo larriak salatzeko helburuarekin. Atzo 07.00etan hasi eta gaurko 07.00etan amaitutako grebak zenbait osasun zentro ixtea eragin zuen, sindikatuetako iturrien arabera. Zehaztu zutenez, zentro batzuk itxita egon ziren, jendearentzako arretarik gabe, deialdiaren jarraipenaren ondorioz, «Araban, Dulantzikoa eta Gasteizen Gazalbide, Salburua eta Lakuabizkarra; Bizkaian, Buenavista Portugaleten eta Saez de Buruaga Bilbon; Gipuzkoan Zarauzko eta Oiartzuneko zentroak...». Lakuako Osasun Sailaren arabera, ordea, jarraipena %29,6koa izan zen. Azaldu zuenez, herrialdeka, %20,37koa izan zen jarraipena Araban, %35,73koa Bizkaian eta %27,11koa Gipuzkoan. Lanbide kategorien arabera, Gotzone Sagarduik zuzendutako Sailak adierazi zuen eragina %33,5ekoa izan zela fakultatiboen artean, %25,98koa erizainen artean eta %30,44koa gainerako kategorietan. Hiriburuei begira, Bilboko Zazpikaleetako osasun etxean egindako elkarretaratzean, Lehen Arreta publikoaren alde egin zuten ehun langile inguruk. Dituzten lan baldintzak hobetzeko mobilizatu ziren eta Lehen Arreta «osasun sistema publikoaren zutabea» dela nabarmendu zuten. Donostian, “Nik bai sinesten dut osasun publikoan” zioen pankartaren atzean, dozenaka lagunek parte hartu zuten Groseko osasun zentroaren aurrean egindako elkarretaratzean. Gasteizen, ehun langile inguru elkartu ziren Olagibeleko osasun zentroaren atarian. Parte hartzaileek Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten. Aurretik datorren arazoa Bilboko elkarretaratzean, sindikatuetako bozeramaileek Osakidetzak ezarritako zerbitzu minimoak «gehiegizkoak» zirela salatu zuten. Gainera, «gutxie neko zerbitzuen nondik norakoak 24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenarekin argitaratu zirela salatu zuten. «Errespetu falta itzela da, zerbitzu minimoak negoziatzeko aukera gabe utzi gaituzte», salatu zuen Ana Tere Alvarez LAB sindikatuko Bizkaiko ordezkariak. «Osakidetzak hitzemandako akordioak bete behar ditu, eta ezarritako murrizketa guztietan atzera egin. Zerrenda luzea da: Santiagoko larrialdiak ixtea, Lehen Arretarako finantzaketarik ez izatea...», nabarmendu zuen Tere Alvarezek. Grebaren antolatzaileek egungo egoera ez dela berria argi utzi nahi izan zuten; «aurretik dator arazoa» errepikatu zuten behin eta berriro. Amaia Mayor Satse Erizaintza Sindikatuko bozeramaileak azaldu zuenez, «pozik gaude grebaren jarraipenarekin, kategoria batzuetan %100era iritsi baita». Era berean, gaur Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen, «euskal gizartearen ongizatea bermatzeko zutabe garrantzitsu baten alde» kalera irteteko eskaera eginez herritarrei. UGTko Osasun arduradun Ana Vazquezek «prekariotzat» jo zuen Lehen Arretako profesionalek pairatzen duten egoera. Kontsultetara presentzialtasuna itzultzea eskatu zuen, baita «profesional gehiago kontratatu eta inbertsioak egitea» ere. «Osakidetzaren prepotentziak ez du mugarik. Greba egunetako mobilizazioak zapuzten saiatu da sinatutako akordioak atzeratuko zituela mehatxatuz», salatu zuen. CCOO sindikatuko Iñigo Garduñok grebak Osakidetzan azken urteotan izandako «jarraipenik handiena» izan zuela azaldu zuen. «Masiboa izaten ari da, eta argi erakusten du langileen nekea». Aurreko ostegunean Osakidetza negoziazio mahaian ez egoteak akordio batera iristea «zailtzen» duela azpimarratu zuen. Gertatutakoa «xantaia onartezina» da ELArentzat. Izan ere, sindikatuaren hitzetan, «lan baldintzak hobetzea zailtzen ari den norbait badago, hori Osakidetza da». Ildo horretan, Osakidetzaren eta Lakuako Gobernuko Osasun Sailaren «jarduera eza, negoziatzeko eta benetako eta sakoneko irtenbideak emateko ezintasuna» gogor salatu zuen Esther Saavedra ELAko ordezkariak. Halaber, Europar Batasuneko batezbestekora hurbiltzeko «inbertsio gehiago» eskatu ondoren, ELAk ohartarazi zuten Osakidetzako plantillaren ia %60 behin-behinekoa dela. Hori dela eta, plantillak «sendotu eta handitu» behar direla uste du, lan-baldintzak duintzeaz gain. BABESA Medikuen Sindikatuak mobilizazioak babestu ditu, «inoiz ez baita egon aldarrikapenerako hainbeste arrazoi». Arabako Langileen Batzordeko presidente Yolanda Riañok nabarmendu bezala, «lan kargek eta dimentsionatze txarrak» eragin dute egungo egoera. «MANIPULAZIOA» Sindikatuek grebaren jarraipen zifrak «manipulatzea» leporatu zioten Osakidetzari. Izan ere, plantilla osoa oinarri hartuta eman zituen kopuruak, ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz greba egiterik izan ez zuten langileak kontuan hartu gabe.