GARA Euskal Herriko egunkaria
OINATZ BENGOETXEAREN AGURRA LABRITEN

GOZATUZ GOZARAZI, MUTURRERAINO

FESTA NAHI BAZUEN, LABRITEN ASPALDI LUZE HONETAN IZAN DEN JAIRIK HANDIENA BIZI IZAN ZEN ATZO BONBONERA ZAHARREKO HARMAILETAN. JOKOZ ETA NORTASUNEZ, PILOTARI BEREZIA IZAN DA OINATZ BENGOETXEA, URREZKO ARO BATEN AZKEN ALEA, ETA AMAIERA ERE HALAKOA IZANGO DU, ATZO IRUñEAN ETA URRIRA ARTE, EDOZEIN HERRITAKO PLAZETAN.

(Iñigo Uriz | FOKU)

Oinatzekin gozatu duguna, gozatzen ari garena eta oraindik ere gozatuko duguna –urriaren 8an erantziko ditu betiko galtza zuriak Leitzako plazan–, horren berea duen «gozatu» izan zen ziurrenik atzo goraino bete zen Labriten –eskaeren arabera beste hiru ere bete zitezkeen– gehien errepikatu zen hitza. Azken hilabeteetan izandako agur omenaldietako batean ere hala abestu zion eskuko min malapartatu bategatik leitzarraren azken partidan jokatzerik izan ez duen Iñaki Artolak; «gozatzea dok baldintza» eta horixe izan zen atzokoa, muturrerainoko gozamena, Oinatz Bengoetxearentzat eta bere lagunarte zabalarentzat.

«Pilotari bizia bikaina da eta ez gozatzea pena ikaragarria», esaldiak ederki borobiltzen du leitzarrak txapelez harago utzi duen ondarea eta pilotalekuan, eta handik kanpo, bere ondoan egoteko zortea izan dutenek nekez ahaztuko zuten atzo Iruñean bizitakoa.

Bere izaera ausart, alai eta elektrikoak debutatu eta berehala egin zuen bat pilotazaleekin eta Labriteko azkenekoan ere argi geratu zen konexio horrek ez duela batere intentsitaterik galdu: Iruñeko Bonbonera irakiten izan zen zenbait orduz. Alde horretatik, duela hilabete Markinan izandako lesioa, txarrerako baino, ia hoberako ere izan zuen leitzarrak, osasun neurriak lasaituta, frontoia goraino bete ahal izan zelako eta baita gauean Leitzako herri afaria ere, eta saltsa horretan beti bezain gustura mugitu zelako aurrelari fina.

Joan den leku guztietan lagunak egiteko dohain berezia ere izan du Bengoetxea VI.ak eta etapa honi ere lagunek inguratuta eman zion amaiera, garai eta modalitate guztietako pilotariak guztien buru, pilota, frontoia izan delako festa horien iturburu nagusietako bat.

Azken sakea, txokotik

Halakoetan sarri gutxienekoa izan arren, kantxan ere dena borobil irten zen eta Mariezkurrenak eta berak 22-15 irabazi zieten Erik Jaka-Arangureni. Bere ibilbideko 501. garaipena. Astelehenean Tolosan bezala, izterreko lesioak molestia txikiren bat eragin bazion ere, maila bikainean aritu zen leitzarra eta horren ohikoak dituen sotamanorik eta txokoko sakerik ez zen falta izan bere eraso errepertorio zabalean. Hala egin zuen partidako azken sakea, frontoi osoa zutik eta kantuan zela, eta ondoren hasi zen halakoetan ohikoa den opari banaketa.

Baina honetan ere pilotari berezia izan da Oinatz eta agurrak ere izan zuen berezitasunik. Karlos Arguiñano, Baikoren aurpegirik «sinpatikoena», izan zen lehena koadro bat ematen eta txistukada ozena entzun behar izan zuen, baita partidan zehar ere sarri samar errepikatu ziren «Baiko entzun, Oinatz txapeldun» oihuak ere. Pilotaria izanagatik pribilegiatu sentitu denez, eta bere akatsak ere onartuta, bere agurrean emandako elkarrizketa ugarietan ez du inolako hitz txarrik izan enpresarekiko, baina jendeak ez ditu ahazteko bere ibilbide oparoan bizitakoak eta jakinarazi egin zituzten.

Ez zen bakarra izan, baina enpresan izandako greba izan zen horietako gogorrenetako bat eta horregatik bereziki esanguratsua suertatu zen gatazka horren ondoren sortutako Pilotarien Elkarteak –bi enpresetako 22 pilotariz osatutako ordezkaritza bat irten ziren kantxara– emandako oparia eta elkarrekin atera duten argazkia. Gaur bertan Gasteizen Binakakoan partida erabakigarria jokatzen duten arren, Jon Ander Peña, Jon Ander Albisu eta Unai Lasok ez zuten hutsik egin.

Eta zer esan pilotalekuetan Oinatz Bengoetxeak kantxetan egindako lagunik onenetako batek, Iñaki Izak, dantzatutako aurreskuaz? Leitzarrak inork baino hobeto daki keinu horrek zer-nolako esfortzua suposatzen dion zornotzar atzelari finari eta dantzaria nor zen ikusi zuenean Oinatzek jarritako harridura aurpegia ere tamainakoa izan zen.

Kuadrillakoen opariak, Felipe Uriarte mendizaleak jarritako txapela, Juan Mari Luzeren bertsoak, Asier Garciaren detailea –Buruz Buruko lehen txapela irabazi zueneko kamiseta itzuli zion olerki batez lagunduta–... lagunez inguratua nahi zuen agurra eta halakoxea izan zuen, gero gauez ere ziur luzatu zena. Baina oraindik Bengoetxea VI.a pilotariaz gozatzen jarraitzeko beste 70 bat aukera, edozein herritako plazetan, izango ditugula ahaztu gabe. Eta Oinatzez bizi ia oso bat.