Andoni ARABAOLAZA
FONTAINEBLEAU

«Soudain seul» blokea,munduko lehen 9a ofiziala ote da?

Fontainebleauko bloke hori errepikatu duen bigarren eskalatzaileak, Camille Coudert frantziarrak, dio mailahori duela. Nalle Hukkataivalek eta Daniel Woods-ek zailtasun bereko bi proposamen egin dituzte.

Kirol eskaladan bezala, boulderrean ere proposamen berri batek ez du berehalako adostasunik. Are gehiago esango genuke, blokean, bederen, zailtasun baten inguruan eztabaida gogorrak eta luzeak izaten dira. Beste era batera esanda, kosta egiten da maila bat ofiziala egitea.

Eta, antza denez, “Soudain seul”-ekin hori gertatzen ari da; hots, Fontainebleauko proposamen gogorrenarekin. Bloke horren mailak izan duen ibilbidea Simon Lorenzirekin hasi zen. “The big island” mitikoari mugimendu gehiago gehitu zizkion; hots, bloke hori eserita hasi zuen. “Soudain seul” deitu zion, eta zailtasunaren inguruan eman zuen lehen iritzia honakoa izan zen: «Nire uste apalean 9a maila du».

Ondoren, lehen errepikapena heldu zen; hain zuzen ere, Nico Pelorsonen eskutik. Eta 8c+ mailan utzi zuen. Otsailaren 12an, berriz, Camille Coudertek bigarren errepikapena erdietsi zuen. Bloke horretatik jaitsi bezain laster, ez zuen iritzirik eman nahi izan. Baina hausnartzeko hainbat egun hartu ondoren, adierazi berri du Lorenzirekin bat egiten duela: «9a zailtasuna du».

“Sodain seul” igo duten hiru eskalatzaileetatik bi bat datoz. Eta, beraz, bederatzigarren esferan sartu den lehen blokea litzateke. Gogora dezagun 2016an Nalle Hukkataivalek “Burden of dreams”-en lehen igoera egin eta 9a proposatu zuela; hau da, maila horretako historiako lehen blokea. Orain arte inor ez da gai izan bloke hori errepikatzeko, baina probatu dutenek diote maila hori duela. Bestalde, iazko martxoan, Daniel Woods-ek “Return of the Sleepwalker»-i zailtasun bera eman zion.

«Zintzotasuna»

Aipatu dugu Coudertek hainbat egun behar izan dituela bere iritzia emateko. Eta lehenik eta behin baieztatu du zalantza ugari izan dituela: «Zintzoa izatea niretzat oso inportantea da, besteak beste, munduko bloke gogorrenetariko baten inguruan ‘busti’ behar nintzelako. Ez naiz munduko espezialista indartsuenetarikoa, eta horregatik, hasieran, 8c+ mailarekin pentsatu nuen. Baina nire ibilbidea ikusita, uste dut koherente izan behar dudala».

“Soudain seul”-entzat 9a maila proposatzeko, eskalatzaile frantziarrak dio probatu dituen hainbat 8c+ eta 8c-rekin alderatu duela: «Luze eta zabal hausnartu ondoren, uste dut 9a dela, probatu ditudan beste bloke horiek baino askoz ere zailagoa delako. Gai hau Simonekin aztertu dut, eta biok ala biok bat gatoz; hots, iritzi bera dugu».