GARA Euskal Herriko egunkaria
TRINKET

Handienen pare jarri da Battitta Ducassou, seigarren txapela jantzita


Hazparnen jokatutako historiarik gabeko finalean, Battitta Ducassou itsasuarra goitik behera nagusitu zitzaion atzo bere mailatik urrun aritu zen Ospitali (40-11).

Duela ez horrenbeste, harrapaezinak ziruditen Manu Martiarena eta Agusti Waltaryk. Atzotik, ordea, trinketaren Olinpo horrek badu maizter berri bat, Battitta Ducassou itsasuarra, Mathieu Ospitali 40-11 gailenduta, beste biek bezala bere seigarren Frantziako txapela jantzi baitzuen atzo, igandea, Hazparnen.

Gainera, itsasuarrak erakutsitako maila fisiko, mental eta teknikoari erreparatuta, inork ezin lezake esan bere palmaresa bere horretan geratuko denik, aurtengo finalean uste baino errazago gailendu baitzaio azken urteetan izan duen aurkaririk handienetako bati.

Garaziko Superprestigioko finalean ikusitakoaren ostean, lehia parekatua espero zen aurtengo partidarik garrantzitsuenerako, baina usteak erdi ustel eta kolore bakarreko partida izan genuen: txapeldunaren kolorekoa.

Halako emaitzak dauden bakoitzean gertatu ohi den bezala, garailea perfekziotik gertu aritu zen eta galtzailea, kasu honetan Urepelekoa, ez zen berak eman ahal duen mailara gerturatu ere egin. Partida aztertzeko orduan, Ducassouk sakez eginiko 14 tantoez mintza gintezke, eta asko, izugarri izanda ere, anekdota bat gehiago baino ez zen izan, itsasuarra erabat nagusitu baitzen jokoaren alor guztietan.

Ospital ezinean aritu zen lehia osoan eta txapelak ihes egingo ziola ikusi zuenean erabat amildu zen. 20-11koan egin zuen bere azken kintzea eta Ducassouk jarraian egin zituen garaipenera eraman zuten beste 20ak.