GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Play offak ezer aldatu ez

Unai Lasok jarri zuen beste behin erritmoa Ogetan eta martxa horri jarraitu ezinik ito ziren Peña eta Albisu.


LASO-IMAZ 22

PEñA-ALBISU 10


Lehen faseko ligaxkan emozioak azken partidara arte iraun bazuen ere, nabarmena zen aurreko 14 asteetan Binakako sailkapena bi zatitan hautsia zela eta asteburu honetan jokatutako play offek uste hori berretsi baino ez dute egin. 2020an sistema hau ezarri zenean lortu zuten Olaizola II.a-Urrutikoetxeak ligaxkako seigarren postutik finalerdietako ligaxkan sartzea, baina azken bi txapelketetan erregularrenek egin dute aurrera play offean. Ostiralean Irribarria-Rezustak apur bat sufritu zuten bitartean, Laso-Imazek uste baino errazago gainditu zuten atzo Peña-Albisuren aurkako kanporaketa desatsegina (22-10). Jende aldetik ere, etekin txikia atera diete enpresek hil edo biziko kanporaketa hauei, sarrera pobre xamarrak izan dira Atano III.ean eta Ogetan jokatutako jaialdietan.

Jokoan ere ezer gutxi aldatu da kanporaketa honetan orain ikusi dugunarekin alderatuta, Ezkurdia izugarri bat ikusi genuen Donostian, baina duela bi aste ere ikusia genuen arbizuarraren bertsiorik onena. Atzelarien lanak protagonismo berezia hartzen duen pilotalekua da Gasteizko Ogeta, baina atzokoan ere Unai Laso izan zen partida bere aldera ekarri zuena.

Beldur zen aurrelari nafarra Albisuk jotako musikaren erritmora dantzatu beharko ote zuen, baina hori ekiditeko ideiak oso garbi eta eskuinean distira berezi bat zuela kantxaratu zen eta, saketik hasita, pilotakada bakoitzean barrenak hustuz, bera izan zen soinua jo zuena, aurkariak ito arte. Partidako estatistikek halako alderik iradokitzen ez badute ere, berak ezarritako martxa ezin jarraituta utzi zituen bi gipuzkoarrak eta Ander Imaz oso sendo batek lagunduta, erraz antzera atera zuten aurrera horrenbeste beldur sortzen zien konpromisoa.

Ia hasieratik ezinean

Eta onena eta txarrena egiteko gai direla erakutsi duten Peña eta Albisu, euren aldetik, euren aurpegirik tristeena erakutsita agurtu ziren. Atzoko partida ez zuten gaizki hasi, bi bikoteei kosta zitzaien euren sakearekin tantoak egitea eta lehen zortzi tantoak oso izan ziren orekatu eta borrokatuak.

Hortik aurrera, ordea, gauzak errotik aldatu ziren. Lasok berera jarraitu zuen, ahal zuen lekutik eta ahal zuen bakoitzean jokoan sartu eta aurkariei zuzen jokatzea galaraziz eta ezarritako erritmo itogarri horretan Jon Ander Peña nahastea lortu zuen. Presaka antzean aritu zen tolosarra tantoak amaitu nahian, ez zen zenbait pilotetara behar bezala jarri eta aurrelari urdinak egindako hutsei esker egin zuten gorriek ordura arte parekatuta joan zen partidako lehen zulo garrantzitsua, lehen atsedenaldi luzera zortzi tantoko aldearekin joanda (4-12).

Aldageletatik bueltan izan zuen bikote gipuzkoarrak susperralditxo bat, 6-1eko partzial batekin lau tantora gerturatzea lortuta (13-9). Baina gorriek asmatu zuten etenaldi taktiko batekin bi Jon Anderren bolada hori eteten. Geldialditik bueltan, nahi eta behar beste agintzerik izan ez zuen Jon Ander Albisuk ere huts batzuk pilatu zituen eta gorriek ihes egin zieten markagailuan nabarmen eta ez zuten aparteko arazorik izan lortutako aldea kudeatu eta are handiagoa lortzeko, aurkariek ere ez zutelako erreakzio gaitasun handirik erakutsi.

Winter Serieseko finalerdiak erabakiko dira txiki geratuko den Gernika Jai Alain

A multzoko sailkapena behin erabakita, B multzoko ligaxkako azken partida jokatuko da gaur dagoeneko sarrera guztiak saldu dituen Gernika Jai Alain. Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal Jokin Arbe eta Imanol Lopezen aurka arituko dira gauzak argituko dituen lehia erabakigarrian. Momentuz dakiguna da Erkiaga-Zabala eta Olharan-Etcheto direla A multzoko lehenengo eta bigarren sailkatuak. Barandika eta Lekerika gernikarrak, aldiz, kalean daude.

B multzoan gauzak zail dituzte Arbek eta Lopezek. Bi set eta huts irabazi behar dute, lau puntu lortu eta gutxienez hiruko berdinketa lortzeko. Baina horrekin ez da nahikoa. Tanto-averagea sartuko litzateke jokoan berdinketa hausteko eta Goiko-Aimar eta Beaskoetxea-Aldazabal bikoteek zenbaki hobeak dituzte. GARA