Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Valladoliden erasoko ahalmenak Amorebieta suntsitu du

VALLADOLID 5

AMOREBIETA 1


Sekulako zigorra jaso zuen Amorebietak Zorrillan. Valladoliden kontra ospatu zuen denboraldiko garaipenik handiena eta aurkari berak eman zion atzo ikasturteko jipoi handiena. Urdinek lehen zatiaren amaieran erreakzionatu zuten eta Guruk saria eman zion taldeari, baina erreakzioa berandu heldu zen eta ez zen nahikoa izan etxekoek erasoan izan zuten nagusitasunari aurre egiteko.

Valladolidek lehen ordu erdian bideratu zuen bere garaipena. Guztiz menderatu zuen jokoa, aukera asko sortu eta bi gol sartu zituen. Baina Amorebieta erantzuteko gai izan zen, eta lehen zatiaren amaieran zuri-moreak gainditu zituen. Bide beretik jarraitu zuen bigarrenaren hasieran eta Guruk urdinen kemena saritu zuen 2-1ekoa sartuz.

Zoritxarrez, Sergio Leonek azkar itzali zuen bizkaitarren ilusioa, jokaldi azkar batean aldea handituz; hori behar zuen bere taldeak urduritasuna eta zalantzak baztertzeko eta berriro nagusi sentitzeko. Honakoan ez zen Amorebietaren erreakziorik egon eta Leonen beraren eta Anuarren golek amesgaiztoa osatu zuten.