GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Klima konpromisoak paper errea baino ez direnean


Nazio Batuen IPCC aditu taldeak txosten berria aurkeztu zuen astelehenean. Zaila da lanaren ondorioak irakurri eta sorgor jarraitzea. Krisia ez dator, hemen dago dagoeneko, eta munduko biztanleriaren erdia «oso zaurgarria» da jada, txostenaren terminologiaren arabera. Antonio Guterres Nazio Batuetako presidenteak aferak merezi duen gordintasun guztiarekin deskribatu zuen IPCCren lana: «Giza oinazearen atlasa da».

Nazio Batuen eta zientzialarien alertak pilatzen diren arren, ez dago ebidentzia horiek ekintza politiko sendoetara eramateko modurik. Planak ezartzen dira, konpromisoak sinatzen dira, hurrengo hamarkadetan karbono isurketak eteteko itunak aurrera ateratzen dira, baina gero errealitatea oso bestelakoa da. COP26 klima konferentzia amaitu eta berehala, gas naturalaren eta elektrizitatearen prezioaren igoerak ikatza berriz erretzera eraman ditu herrialde ugari. Egunotan begirada Txinaren gainean pausatu da, Asiako herrialdea baita munduko ikatz kontsumitzaile handiena. Xi Jinpingek urte berri ona ikatz meategi batetik opatu die herrikideei, mezu garbia emanez. Bere esaldi batek laburbiltzen du arazoaren muinetako bat: helburu klimatikoak ezin dira «bizitza normala» sakrifikatuz lortu. Ebidentzia zientifikoak ez du berdina esaten, ordea.

Antzua eta bidegabea da, edonola, begirada soilik Txinan jartzea. Europan ere hasi dira berriz ikatza erretzen, eta Ukrainako gerrak bide hori indartu dezake. Epe motza jaun eta jabe den honetan, Errusiarekiko dependentzia murrizteko modu azkar bakarra, gas gutxiago erabili eta ikatz edo energia nuklear gehiago kontsumitzea da. Gaixotasunaren pareko sendagaia, alegia. Edonola, gerra gabe ere, Europako industria militarrak 14 milioi autok bezainbeste kutsatzen du, Europako Parlamentuko txosten baten arabera. Gerrari ezetz esateko arrazoi bat gehiago da larrialdi klimatikoa, eta ez txikiena. Nazioarteko kooperaziorik gabe, ez Txinak ez inork ez du frenoa sakatuko.