GARA
BILBO

Gora Garbitzaileak, sektorearen borroka ikusarazteko formula

Gora Garbitzaileak ekimenean batu diren Bizkaiko garbitzaileek Bilboko iturriak morez tindatu zituzten atzo, lanerako erabiltzen dituzten eskularruak eta lanbasak estatuetatik zintzilik jarri zituzten eta pankarta erraldoia zabaldu zuten Udaletxeko zubian. Azaldu zutenez, «formula berriak bilatzeko ordua da, ezkutuan egoteaz nazkatuta dagoen sektore bat ikusarazteko formulak bilatzekoa». Hitzarmen sektorial duina sinatu arte borrokan jarraituko dute.

«Gora Garbitzaileak ekimena hasiberria da, baina urte askotako nekearen ondorio da. Guk geuk sortzen dugu, baina arduradunak beraiek dira. Gaur [atzo] jaio da, baina hitzarmen duin bat sinatu arte ez da hilko». Eta jaiotze egunean bertan, «ezkutuan» dagoen sektorearen hitzarmenaren aldeko borroka ikusarazi zuten.

LAB eta ESK sindikatuek babestuta, garbitzaileek morez tindatu zituzten Bilboko iturriak, laneko eskularruak eta lanbasak «hiriak omentzen dituen jaunen estatuetatik» zintzilikatu zituzten eta ‘‘M31 grebara, 1.200 eurox15: si las limpiadoras paramos, se para todo–Gora Garbitzaileak’’ zioen pankarta erraldoia zabaldu zuten Udaletxeko zubitik behera. Azaldu zutenez, «ekintzara pasatzea» erabaki dute: «hamarnaka langilek gure hitzarmenaren alde borrokatzeko antolatzea erabaki dugu».

Pairatzen duten egoera gero eta okerragoa dela salatu zuten. Martxoaren 31rako greba deituta dutela gogoratu eta gero, «deialdia berotzen duen bultzada izatea» erabaki dutela azaldu zuten, «blokeoaren ardura duten enpresak seinalatuko dituen atzamarra». Hori horrela, Gora Garbitzaileak formula berriak bilatzeko sortu dela azaldu zuten, «ezkutuan egoteaz nazkatuta dagoen sektore baten borroka ikusarazteko formulak bilatzeko». Gaineratu zutenez, «inork ikusten ez gaituen ordutegietan egiten dugu lan, baina guk egiten dugun lana aitortzea nahi dugu, eta horregatik egin dugu ekintza ikusgarri eta ez konbentzionalen aldeko apustua».