Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Hondarribiko Jaitsiera bihar arratsaldean jokatuko da 39 trainerurekin

Bihar jokatuko da Hondarribiko XXII. Traineru Jaitsiera, traineruentzat denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Guztira 39 ontzik eman dute izena hiru maila desberdinetan: 7 traineru beteranoetan, 10 emakumezkoetan eta 22 gizonezkoetan.

Jaitsiera 16.00etan hasiko da beteranoen ontziekin: Endaika, Zumaia, Ibaialde, Mundaka, Zumaia, Plentzia eta Fortuna. Jarraian, berriz, emakumezkoak irtengo dira: Tolosaldea B, Hernani, Zarautz, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea A, Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak eta Hondarribia.

Aipagarria da aurten Euskotren Ligan arraun egingo duten lau traineruek (Tolosaldea, Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak) hartzen dutela parte. Hortaz, interesgarria izango da haien arteko aldeak ikustea, Oriako Jaitsieran etxeko ontziak erakutsi zuen nagusitasuna errepikatzen den edo ez, esaterako.

Irteten azkenak gizonezko absolutuak izango dira. Arraun Lagunak 16.17an aterako da eta atzetik irtengo dira Isuntza-Mutriku, Trintxerpe, Hibaika, Donostiarra B, Mutriku, Hondarribia B, Busturialdea, Rianxo, Lapurdi, Orio B, Zumaia, San Juan, Arkote, San Pedro, Getaria, Zarautz, Isuntza, Ondarroa, Zierbena, Donostiarra A eta Hondarribia A. Etxeko talde nagusia izango da irteten azkena, 16.38an.

Oriako Jaitsiera irabazi zuen Bermeok ez du parte hartuko eta, beraz, etxeko ontzia izango da garaipena lortzeko faborito nagusia –azken lau urteetan beraiek izan dira onenak–. Estropada hondartzako eremuan egingo da, baina bi luzetara. Iaz ez bezala, ikusleek espigoitik jarraitu ahal izango dute proba bertatik bertara.