MAR. 05 2022 Colonnaren aldeko ekimena Korsikako portuan GARA AIACCIU Yvan Colonna 61 urteko militanteak Arlesko espetxean jasandako eraso larriaren berri jakin zenetik mobilizazio ugari izaten ari dira Korsikan. Jende bilkurak egin dira eta unibertsitatea ere itxi dute, eta iganderako manifestazio nazionala deitu dute Corti hirian. Poliziak lehorreratzeko operazioa ere oztopatu zuten atzo Aiacciuko portuan. STC Corsica Linea eta La Meridionale itsas konpainiako langileek agiria plazaratu zuten ostegunean Colonnaren aurkako erasoa gertatu zenetik Corsica Ferries enpresaren zerbitzua baliatuz frantses Barne Ministerioa irlara polizia anitz bidaltzen ari dela salatzeko. Eta protesta egiteko asmoa agertu zuten. Atzo, goizean goiz, blokeo operazioa eman zuten abian Aiacciuko portuan. Langileen arabera, Jendarmeriaren bost kamioi zeuden ferryan. «Gure herriak sentitzen duen haserre handiaren aurrean indar errepresiboak bidaltzeko erabakia ez dugula onartzen eta polizia horiek ez dutela gure itsasontzietan bidaiatu behar adierazi diogu irizpide ekonomikoengatik baizik jarduten ez duen konpainiako zuzendaritzari», azaldu zuten. Asteazken goizean espetxean eraso bortitza jasan ostean, bizitzaren eta heriotzaren artean da Colonna Marseillako erietxean.