Andoni ARABAOLAZA
EMF

«SeiBuru», prestakuntza eta prebentzioa oinarri dituen ekimena abian da

Euskal Mendizale Federazioa da antolatzailea, eta, oro har, sei gako biltzen ditu, edozein mendizalek naturingurunera irten aurretik kontuan hartu behar dituenak. Ekimena ikastetxeetara eraman nahi dute.

Euskal Mendizale Federazioak abian du oso interegarria eta beharrezkoa den ekimen bat. “SeiBuru” izena du, eta, oro har, ingurune naturalean era egokian jarduteko giltzarri batzuk kaleratu berri ditu. Laburbilduta, ekimen honek bi zutabe nagusi ditu: prestakuntza eta prebentzioa.

EMFren segurtasun batzordeko arduradun Iñaki Garaik beste puntu hau gehitu nahi izan du: «Prebentziorako prestakuntzaz hitz egiten ari gara. Mendiko larrialdi erreskateen hazkunde esponentziala gertatu dela-eta sortu dugu ekimen hau. Izan ere, azkenengo hamar urteotan ingurune naturala helburu turistiko bihurtu da. Horri gehitu behar zaio, pandemiarekin batera, mendi irteerak eta erreskateak hamar bider ugaritu direla.

Garaik aipatu duen prebentzioa giltza denez, aurreratu du “SeiBuru”-k sei gako bistaratu nahi dituela: «Ibilbidea prestatzea, eguraldiaren iragarpena begiratzea, bizkar-zakua antolatzea, norberaren indarrak neurtzea, ingurukoei esatea nora goazen eta, arazorik balego, 112 telefonora deitzea. Sei asmo labur dira, baina, era berean, funtsezkoak».

Ikasleak

Ekimenaren abiapuntua eta giltza dira puntu horiek, baina segurtasun batzorde horretan argi dute natur ingurunearekin eta mendiarekin zerikusia duten alderdiak babestu eta gomendatu behar direla: «Dibulgazio lan hori udaletxeetan, unibertsitateetan eta mendi elkarteetan egin da, eta orain berrikuntza nagusi bat bultzatu nahi dugu. Gai hau ikastetxeetan ezartzen hasi gara; bereziki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta; hots, 12 eta 16 urte bitartekoei».

Iazko urtearen amaieran lehenengo urratsak egin zituzten, eta dagoeneko zazpi ikastetxek eta 700 ikaslek baino gehiagok jaso dute programa hau. Praktika klaseak dira. Kirolean trebatutako teknikariek ematen dituzte hitzaldiak, eta prebentzioa da gakoa. Gainera, ikastetxeetako prestakuntza zerbitzu hau doakoa da.

Garaik argi eta garbi utzi nahi digu zein den helburua: «Ez dago zalantzarik, xedea da hezkuntzan kontzientzia piztea kontzeptu horiek txertatzeko. Gazte horiek ez dakite gai teorikoak praktikan jartzen. Gauza asko dakite 112ari eta beste kontu batzuei buruz, baina ez dakite hori nola gauzatu. Horretarako tresnak ematen dizkiegu, eta baita gerta daitezkeen egoerak azaldu ere».