GARA Euskal Herriko egunkaria

Manifestazio jendetsua Korsikan, Colonnari elkartasuna adierazteko

Milaka pertsonak hartu zuten parte atzo, Corten, Yvan Colonnari elkartasuna adierazteko manifestazio bateratuan. Preso korsikarrak koman jarraitzen du, joan den asteazkenean Arlesko espetxean jasandako erasoaren ondorioz. Manifestariek Estatu frantsesari egotzi zioten gertatutakoaren erantzukizuna, eta «hiltzailetzat» jo zuten.


10.000 lagun inguruk hartu zuten parte atzo Corten (Korsika) Yvan Colonnaren aldeko manifestazioan, ikasleen sindikatuek deituta. Militante korsikarrari beste preso batek eraso zion joan den asteazkenean Arlesko espetxean; bera itotzen saiatu zen.

Erasoaren ondoren, Colonna Marseillako ospitale batera eraman behar izan zuten, eta bertan dago orain, koma eta garun-heriotza egoeran. Korsikako ekintzaile independentistaren bizi-pronostikoa «konprometitua» da une honetan, Jean-François Ricard “terrorismoaren aurkako” fiskalak adierazi zuenez.

Yvan Colonnak 61 urte ditu eta 1998an Claude Erignac prefeta hiltzeagatik bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten. Preso korsikarrak atentatuan parte hartu izana ukatu du beti. Colonna kartzelan dago 2003tik, eta azken hamarkadan behin baino gehiagotan eskatu du Korsikako Borgoko espetxera lekualda dezatela.

Corteko manifestazioan alderdi independentista guztietako ordezkariak izan ziren, eta Gilles Simeoni, Colonnaren abokatua izan zena eta egun Korsikako Asanbladako presidente dena, ere bertaratu zen. «Yvan Colonna hiltzen saiatu zirenetik, Gobernuak ez du egoera baretzeko keinurik egin», deitoratu zuen Simeonik “France 3 Corse” hedabideak jasotako adierazpenetan.

Alderdi independentistez gain, abertzaleak ez diren hautetsiak edo Giza Eskubideen Ligako kideak ere bertaratu ziren. Presoaren familiak, hain zuzen ere, mugimendu abertzaletik haratago indarrak biltzeko deia egin zuen, eta Estatu frantsesak «kontuak eman» behar dituela azpimarratu zuen.

Manifestazioaren buruan, Korsikako Unibertsitateko ikasleek “Estatu frantsesa hiltzailea" zioen pankarta zeramaten, Colonnaren argazki batekin batera. Mobilizazioan zehar, liskarrak izan ziren Polizia frantsesarekin, “Corse Matin” hedabideak jaso zuenez. 200 bat manifestarik hormigoizko blokeak, edukiontzi irekietatik ateratako botilak eta molotov koktelak jaurti zituzten; Poliziak, berriz, gas negar-eragileak jaurti zituen eta ur kanoia erabili zuen. “France 3 Corse”-n irakur zitekeenez, suhiltzaileek egindako azken ebaluazio baten arabera, guztira 24 zauritu izan ziren.

Fiskaltzaren ebaluazioa

Kasua bere gain hartu zuen Terrorismoaren aurkako Fiskaltza frantsesak eta joan den asteazkenean Arlesko espetxean Yvan Colonnari eraso egin zion presoaren inputazioa eskatu zuen atzo, «izaera terroristako hilketa saiakera» egotzita.

Jean-François Ricard fiskalak Parisen emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, Franck Elong Abe-k Colonnarekin egindako «ankerkeria sistematikoak zalantza gutxi baino ez ditu uzten hilketa asmoei buruz». Ricardek adierazi zuen ikerketa judiziala hasi dela gertakari horiengatik, eta azpimarratu zuen «Frantziako kartzela batean 2016az geroztik egin den bosgarren krimen terrorista» dela.

Ikerketaren helburua Franc Elong Aberen atxiloketa-historia aztertzea izango da, hainbat zigor betetzen ari baitzen; horitan nabarmentzekoa, bederatzi urteko zigorra «terrorismoagatik».

Galdeketetan, erasoa egin izana onartu zuen presoak, eta argudiatu zuen berak biraotzat jotzen dituen komentario batzuk egin zizkiola Colonnak, bereziki Jainkoari txistua botatzen ziola. Igande honetako manifestazio jendetsuaz gain, Korsikako independentismoaren aurkako erasoak protestak eragin ditu azken egunotan. Ostegunean eta ostiralean, adibidez, manifestariek zenbait ferryren portuko sarrera aldi baterako blokeatu zuten.