Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Jokoa dominatu eta lehen puntua eskuratu dute Altuna eta Martijak

Lehendabiziko erdia parekatua izan bada ere –sei berdinketarekin–, bigarrengoan 2-7ko partziala ezarrita, partida apurtu dute gorriek.

ALTUNA III.-MARTIJA 22

ELEZK.-ZABALETA 15


Erasokor eta fin hasi zuen partida bikote urdinak; batez ere, Danel Elezkanok. Lehendabiziko 4-0ko partzialean hiru tanto egin zituen, horietatik bi, airez, eta nolabait, Altunari desafio eginez.

Zaratamokoak, baina, txapapera bota zuen bosgarren tantoa izan zitekeena eta orduan jokoan hasi zen Altuna. Aztia da amezketarra, totala, eta jokoan hasi zenean aurkaria apaltzen joan zen, nahiz eta nola edo hala eusten saiatu ziren.

Ohartzerako, launa berdindu zen partida eta 9-9ko markagailua partidako bosgarren berdinketa izan zen. Zabaletak eutsi zion bikote urdinari, atzean bost tanto egin baitzituen lehendabiziko zatian. Zaratamokoak, ordea, hasieran hiru tanto egin bazituen, bere argitasuna ez zen itzuli urdinen 11. tantora arte eta, bitartean, gorriek oso ondo elkar ulertzen dutela erakutsi zuten; izan ere, bakoitzaren abileziak ez ezik, bien arteko koordinazioak ere tanto bat baino gehiago eman zien. Aztiaren tranpetan erori zen Zabaleta behin baino gehiagotan; azkena, 15-22ko azken tantoan.

Lehen zatian gauzak estu joan ziren, baina lehen atsedenaldi luzearen ostean, 2-7ko partziala ezarri zuten Altunak eta Martijak eta partida apurtzea lortu zuten. Urdinek ez zuten amore eman, baina hutsegiteak nabarmenagoak bilakatzen joan ziren, freskotasun faltarengatik, agian. «Zabaletak metro asko egin ditu eta uste dut bigarren zatian faktura pasa diola», adierazi zuen Altunak, hain zuzen ere. Zabaletak bost tanto galdu zituen; Etxarrengoak ohitu gaituen mailarako, gehiegi. Horretaz gain, Elezkano ere ez zen zorrotz ibili eta txapara bota zuen; gorriak 20. eta 21. tantora iristea ahalbidetu zuen horrela.

Goibel agertu zen Zaratamokoa partida osteko agerraldian, aurkaria gehiago izan zela behin eta berriz nabarmenduz. 15. tantoan hasierako zorroztasuna berreskuratu zuen arren, 21-15eko markagailua alde zutela, gorriak nagusi izan ziren azken tantoan eta merezitako lehen puntua eskuratu zuten finalerdietako ligaxkaren hasiera honetan –eta honek ere lasaitu zuen Amezketakoa, ondo gogoratu duenez, aurreko hiru aldietan galtzen hasi izan baita–.

Seigarren garaipena jarraian erdietsi zuten Altunak eta Martijak eta behetik gora datozenen beste erakustaldi bat eman zuten. «Gauza bat da elkar ondo ulertzea, baina ondoren pilotari mina eman behar diozu, eta hori gaur egin dugu», adierazi zuen Altunak ETBko kameren aurrean. Bere bikotekide Julen Martijaren lana ere goraipatu nahi izan zuen: «Uste dut pilota bakoitzean asko gozatu duela». Gaurko partidaz gain, Etxeberrikoa partidaz partida hazten doala eta bere lekua aurkitzen doala nabarmendu nahi izan zuen. Etxeberrikoak ez zuen galdutako pilotarik izan atzoko deman.

Bi orduko partida

Aurretik, Promozioko Binakako txapelketa jokatu zen Bizkaia pilotalekuan eta espero baino gehiago luzatu zen Zabala-Etxeberria eta Zubizarreta III.a-Eskirozen arteko dema (22-21). Bi ordu pasatxo eta 1.294 pilotakadaren ostean erabaki zen partida gorrien alde.

Lau pilotariek lehertuta eta errenka bukatu zuten partida zinez ikusgarria.