Imanol CARRILLO
BIDASOA-IRUNEKO ESKUBALOI JOKALARIA

«Taldea nahiko motibatuta ikusten dut European Leagueko hurrengo faserako»

Julen Mujika (Errenteria, 2003-09-03) aurten irundarrekin debuta egin eta maila bikaina ematen ari den gazteetako bat da. Duela hamabi urte hasi zen eskubaloian, herriko Ereintza taldean, eta duela hiru Bidasoara iritsi zen. Erabaki «oso positiboa» izan dela dio eta erakusten ari den maila onak saria ekarri dio, Espainiako junior selekzioak deitu baitio Irunen egingo den deialdi baterako.

Partida ugari izan dituen aurtengo otsail gogorretik bikain atera da Bidasoa-Irun, helburu guztiak beteta: Ligan bigarren dago eta ekainean jokatuko den Asobal Koparako txartela eskuratu du; hil amaieran Antequeran jokatuko den Kopako azken faseko final-laurdenetan Granollersen aurka jokatuko du; eta gaur, Fenix Toulouse (18.45) taldeari bisita egingo dio EHF European Leagueko multzo faseko azken partidan, dagoeneko hurrengo faserako txartela eskuratuta duela. Helburu horiek guztiak betetzeko, gazteen lana funtsezkoa izan da. Horietako bat da Julen Mujika eskuin hegala. Berarekin mintzatu da GARA, iragan asteburuan Kantabriara joan eta partida irabazi aurretik.

Otsail gogor batetik zatozte. Nekerik igartzen al duzue?

Esaten badizut asteburu honetan justu gripea hartu dudala… horrek nahiko ondo islatzen du (barrez). Bai, partida asko dira eta ulertu behar da, beste taldeekin konparatuta, agian gure errekuperatzeko kalitatea, bidaiak tarteko, gogorra dela. Fuchse Berlinekin konparatuta, adibidez, beraiek instalazio onak dituzte eta horrek garrantzia du gero ondo deskantsatzeko eta partidetara ahalik eta hobetoen iristeko. Gure kasuan, daukagunarekin ahal duguna egiten dugu eta horrekin, nahiz eta nahiko nekatuta iritsi eta lesioren bat eduki, otsail honetan nahiko emaitza onak atera ditugu.

Helburu guztiak beteta, gainera.

Entrenatzaileak behin baino gehiagotan esaten du Bidasoaren helburua dela Espainiako eskubaloiaren momentu handienetan hor egotea. Komentatu zuen garrantzitsua zela, batez ere, atzeratutako partidak berriro irabaztea, Asobal Koparako garrantzitsuak diren puntuak lehen itzulikoak direlako. Valladolid eta Huescaren aurka puntuak atera beharra genuen eta horrekin lortzen genuen Asobal Koparako txartela. Horra iristean, ahalik eta paper onena egitea.

Gaur EHF European Leagueko multzo faseko azken partida jokatuko duzue hurrengo faserako sailkatuta zaudetela. Nola dago taldea helburu hori lortuta?

Azken partida hauek sari bat bezala hartzen ditugu, disfrutatzeko, Fuchse Berlinena bezala. Taldea nahiko motibatuta ikusten dut hurrengo faserako. Saiatuko gara paper onena egiten, eta, zortea badago edota lortzen badugu hobeak izatea, pasatzen. Egia esan, ikusita nola hasi zen multzo fasea… Presoven porrota jasota zalantza sortu zen, baina Winterthurren emaitza oso ona atera genuen, eta gero Presoven etxean ere bai. Horrekin gure aurkariei abantaila ateratzen genien. Ziur aski, lehenengoen aurka tokatuko zaigu laugarren geratuko garelako baina, hala ere, denerako ekin behar da.

Sailkatzea lortuta, minutu gehiago bana ditzake entrenatzaileak.

Egia da Jacobok minutu asko banatzen dituela edozein partidatan. Nahiz eta partidak garrantzia ez izan, normalean batez ere igotzen garen gazteok minutuak izaten ditugu; gutxienez 10-15 partida bakoitzeko bai. Horrekin lortzen dugu guretzat esperientzia on bat izatea eta lehen taldeko jendeari deskantsua ematea, ez datorrena gaizki. Ez dut esango entrenatzaileak zer pentsatzen duen, ez baitakit, baina ea zerbait joka dezakedan.

Gazteok maila ona ematen ari zarete. Zer esaten dizue Cuetarak?

Lehen taldearekin asko entrenatzen gara. Puntu oso positiboa dugu haien jokatzeko era ulertu eta praktikan jartzen dugula entrenamenduetan, eta partidetara iristean ez duzu hainbesteko presioa eta badakizu zertara jokatzen dugun, nola eraso aurkarien defentsari. Jacobok konfiantza handia agertzen du gazteengan eta hori eskertzekoa da.

Zer sentitu zenuen lehen taldearekin debutatzean, Anaitasunaren aurkako derbian, gainera?

Telebistaz ikusten nuen beti Asobal eta Ligako partida batean jokatzea eta, gainera, derbi batean, beti tentsio estra bat dagoela, egia esan, nahiko urduri atera nintzen. Esperientzia polita izan zen eta uste dut bizitza osoan gogoratuko dudala.

Salto handia nabaritu al zenuen beheko kategorietatik Asobalera?

Ez dut inor engainatuko, saltoa oso handia da. Hala ere, gutxienez entrenamenduetan ikusten duzu zer moduzko maila duzun besteekin konparatuta, eta horrekin aurreikus dezakezu zaila izango dela Asobal Ligako partida jokatzea. Entrenatuz eta beti ikasteko gogoa izanda lortzen duzu maila ematea edo, gutxienez, ez desentonatzea.

EHFn, ordea, laugarren jardunaldian egin zenuen debuta, hiru gol sartuta. Hor ere nabaritzen al da aldea?

Europako taldeak askoz ere fisikoagoak dira. Espainiarekin konparatuta, askoz ere altuera eta indar handiagoa dago. Gure jokatzeko moduak behin baino gehiagotan Europan emaitzak ematen ditu oso azkarrak garelako, eta hori, azkartasuna, jende altuaren aurrean baza ona da eta horrekin lortzen dugu puntuak eta garaipenak eskuratzea.

Espainiako junior selekzioak deitu dizu. Nola hartu duzu?

Asko poztu ninduen deialdi horrek. Jubenil selekzioaren deialdiren batean egon nintzen, Europako Txapelketara joan nintzen, baina esan behar da ez nuela asko jokatu. Espainiako selekzioarekin berriro joateak ziurtatzen dit oraindik maila onean nagoela eta oraindik nire adineko jendearekin lehiatu naitekeela Espainiako onenen artean egoteko. Egia esan, ohore bat da.

Taldeko beteranoek zer esaten dizuete gazteoi?

Asko laguntzen digute. Adibidez, (Jose Manuel) Sierrak asko zuzentzen dit; batez ere, defentsan. Julenek (Aginagalde) aholku asko ematen dizkit, eta Xoanek (Ledo) ere bai. Horrek, behin baino gehiagotan, lasaitasuna ematen dizu partidak jokatzeko garaian, badakizulako non dituzun gauzak hobetzeko eta zer egin behar duzun hainbeste huts ez egiteko. Alde horretatik, taldea oso ona da; asko erakusten dit.

Eta zer sentitzen da zure inguruan esperientzia handiko hainbeste jende izanda?

Ni eskubaloiaren fanatiko bat naiz. Behin baino gehiagotan ikusten dudanean entrenamenduetan zer nolako maila dagoen flipatuta geratzen naiz. Adibidez, Rodrigoren (Salinas) mugimenduak asko begiratzen ditut, oso azkarra delako jokatzen eta beti egiten du zeozer berria. Adibidez, zinta berri bat egiten du eta nik beti begiratzen dut jakiteko nola egin duen edo zergatik egin duen. Hori ere ikasteko modua da. Oso polita da beraiek entrenatzen eta jokatzen ikustea.