GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Eibarko igandeko partida «hil edo bizikoa» izango da

Elezkano II.a-Zabaleta eta Laso-Imaz, elkarren kontra: galtzaileek finaletik kanpo geratzeko arriskua dute.


Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, larunbatean Labriten eta igandean Astelenan. Iruñeko neurketan lehen jardunaldian irabazle atera ziren Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta elkarren kontra arituko dira. Eibarren, aldiz, punturik batu ez zuten Elezkano II-Zabaletak eta Laso-Imazek jokatuko dute.

Lau bikoteek material aukeraketa egin zuten atzo goizean, batzuek Labriten eta besteek Astelenan, baina begirada guztiak Eibarrera begira zeuden. Izan ere, igandean galtzaile ateratzen den bikoteak Binakako finaletik kanpo geratzeko arriskua du.

Berriro hutsetik hasi. Horrela hartzen dute «final» baten parekoa izango den neurketa Eibarren ariko diren lau pilotariek. Baikokoek onartzen dute, Imazek adibidez, Zabaleta izan daitekeela gakoa. Oiartzuarrak Eibarren aitortu zuenez, Aspekoa «diferentzia gehien markatzen duen» pilotaria da. Egun ona badu, «oso zaila izaten da pilotan aritzea», gaineratu zuen Lasok.

Eta Zabaletak zer dio horren inguruan? Eskuekin arazoren bat duen ala ez galdetuta, atzelari nafarrak adierazi zuen bere erremintekin «ondo» sentitzen dela. «Agian eskuinarekin ez dut hainbeste gozatzen, baina ez dut lesiorik. Eskuinarekin ez dut asmatu txapelketa osoan zehar. Oso gutxi izan dira nire eskuin eskuaren errendimenduarekin gustura atera naizen partidak», aitortu zuen.

Hala ere, lasai dago. «Bolada bat dela uste dut. Aurreko urtean gehiago gozatzen nuen, altuera emanez, bai aurretik eta bai atzetik. Aspalditik ari naiz eskuina lantzen Jokin Etxanizekin», azaldu zuen Zabaletak.

Dinamika ezberdinetan

Bi bikoteen dinamika ezberdina da. Biek galdu zuten aurreneko partida, baina galtzeko era ez zen berdina izan. Unai Lasok azpimarratu zuenez, «sentsazio onekin» iristen dira igandeko partidara. Gainera, Astelena bezalako pilotaleku «alaiak» euren «ezaugarrietarako onak» direla uste du nafarrak. Baikoko aurrelariak «opari bat» bezala hartzen du urtean zehar pilotari onenekin jokatzen aritzea eta iganderako gauza bat du argi: «Gogor jokatu beharko dugu, saiatu beharko dugu pilotarik ez galtzen eta nik asko lagundu beharko diot Imazi. Eta tantoak ere amaitu beharko ditut».

Lasoren bikotekide Imazek argi du igandeko aurkariak «txapelketa irabazteko faboritoak» direla. «Hil edo biziko» partida izango dela iragarri zuen, baina, aldi berean, «polita jokatzeko, pilotalekuan jende asko bilduko baita. Astean zehar motibazio berezia duzu horrelako partida bat prestatzeko. Azkenean, laurok tentsio handiko partida jokatuko dugu».

Bestalde, Elezkanok aitortu zuenez, «galtzen duzunean, garaipenek ematen dizuten aparteko konfiantza galdu egiten duzu». Baina jarraian argi utzi zuen: «bizirik jarraitzen dugu».

Iazko txapeldunak dira Elezkano II.a eta Zabaleta. «Presioa bikote txapelduna garelako? Horrek ez du ezertarako balio txapelketaren une honetan. Denok dugu presio bera, jokoan dagoena oso garrantzitsua baita», nabarmendu zuen bizkaitarrak.

Astelenarekin gustura

Eibarren aspaldi jokatu gabe daude Elezkano eta Zabaleta. Aurten bertan jokatuko duten lehen partida izango da igandekoa. Nafarrak aitortu zuen Astelenan jokatzea «asko» gustatzen zaiola. Eta Zabaleta bezalako pilotari jotzaile batek hitz hori erabiltzen badu, zalantzarik ez dago ziurrenik aurkariek lan asko egin beharko dutela.

Materialari dagokionez, ez da arazorik egongo, lau protagonistak pozik agertu baitziren atzo probatutako pilotekin. Lasoren iritziz, «pilota politak eta biziak» dira. «Behean ibiltzen diren pilotak bilatu ditugu beraiei traba egiteko», aitortu zuen.

Elezkano II.a eta Zabaletak 104,8, 104,8 eta 105,9 gramoko hiru pilota aukeratu zituzten bitartean, Laso-Imazek 104,6, 105 eta 105,7 gramoko hiru aukeratu zituzten.