MAR. 10 2022 Langile bat hil da Baionan, zerabilen garabia erori ondoren Istripu larria gertatu zen atzo Baionako Santizpiritu auzoan: eraikin batean lanean ari zen garabia lurrera erori zen eta, ondorioz, garabia garraiatzen ari zen langilea hil egin zen. Euskal Herrian aurten lanean zendu den hamaikagarren behargina da. GARA BAIONA Alsace-Lorraine bulebarrean gertatu zen ezbeharra. Atzo oraindik ere argitzeke ziren arrazoiengatik hildakoa lanean ari zen garabia erori egin zen eta alboko eraikinaren kontra egin zuen talka. Suhiltzaileak eta sorospen zerbitzuak berehala bertaratu ziren tokira, aipaturiko bulebarreko 40. zenbakian. Garabia zerabilen langilearen bizia salbatzeko ezin izan zuten ezer egin; bertan hil zen. Baionako prokuradoreak ikerketa iragarri zuen istripua nola gertatu zen jakiteko. Ez zen beste inor zauritu, baina 22 lagun, horien artean lau haur, ebakuatu egin behar izan zituzten, garabia ondoko eraikinaren gainera erori baitzen. 40. zenbakiaren alboko hainbat autok ere kalteak ukan zituzten. «Bizpahiru lagun artatu behar izan dituzte shock egoeran zirelako, istripua oso bortitza izan baita», esan zion Mediabask hedabideari Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak. Azaldu zuenez, Alsace-Lorraine bulebarreko trafikoa itxi eta herriko etxeak gidariei zuzendutako mezua zabaldu zuen sare sozialen bidez kale horretatik igaro ez zitezen. Gaur zabalduko dute. Ipar Euskal Herriko LABek “Aski da!” mezua eta bere kezka zabaldu zituen sare sozialen bitartez lan istripuaren berri izan ondoren. Euskal Herria Baik, Generation.s alderdiko Julien Delionek eta Alderdi Sozialistako Jose Mendes Baionako sekzio buruak ere beren samina azaldu zuten eta elkartasuna adierazi zioten zendutako beharginaren familiari. Baionako atzoko heriotzarekin, dagoeneko 11 dira aurten Euskal Herrian beren lanpostuetan hildako langileak.