GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Grandes Jorassesko hegoaldeko horman bi neska elkartu dira

Joan den urtarrilean, Fay Manners eta Line van den Bergek osatutako sokadak «In memoria di Gianni Comino» bidearen lehendabizikoigoera femeninoa sinatu zuen. 1.400 metro luze den eta ED zailtasuna duen marra igo ahal izateko, egun luze bat behar izan zuten.


Alpeetako Grandes Jorasses mendiko hormetan gizonezkoen sokadek izaten dute ia protagonismo osoa eskuarki. Bide gogorrenetan apenas ikusten den emakumezkorik, baina, noizean behin bada ere, joera hori aldatzen ari da. Urtarrilaren 26an, Fay Manners britainiarrak eta Line van den Berg herbeheretarrak soka gerrira lotu eta Grandes Jorassesko hegoaldeko hormako “In memoria di Gianni Comino” bidea eskalatu zuten.

Egun luze bateko jarduera behar izan zuten 1.400 metroko marra (ED3, VI5-6) gainditzeko, eta, arrakasta erdietsi eta gero, bidea igotzen lehen neskak bihurtu dira. Hots, “In memoria di Gianni Comino”-ren lehen igoera femeninoa egin dute.

Hori gutxi ez, eta ia ahaztuta zegoen marraren bosgarren igoera absolutua lortu dute. Bitxia bada ere, 1985ean Giancarlo Grassi, Renzo Luzi eta Mauro Rossi italiarrek zabaldutako marra 35 urte egon zen osorik igo gabe. Lehen errepikapena Yann Borgnet eta Charles Dubouloz frantsesek egin zuten, 2020an. Urtarrilaren 19an, berriz, Iker Madoz nafarra hirugarren igoerarekin egin zen Simon eta Martin Elias anaiekin. Gogora dezagun “In memoria di Gianni Comino” dela Alpeetan dagoen izotzezko proposamen luzeenetarikoa.

Lerrootako protagonistei dagokienez, aurreratu behar dugu iazko neguan hasi zirela lehen aldiz elkarrekin eskalatzen. Antza, Van de Berg izan zen lehen urratsa egin zuena; izan ere, Mannersi Gran Capucin elkarrekin eskalatzeko proposamena egin zion. Sokakide ezberdinekin jardun zuten, baina, iazko udan, Peutereyko Integrala sokada bakarrean gainditu zuten. Grandes Jorassesera abiatu aurretik, Mont Mauditen “Goulotte Surcouf” eskalatu zuten.

Biak ala biak ibilbide ederra egiten ari dira alpinismoan. Mannersek (35 urte), adibidez, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Les Droites, Aiguille du Midi edo Mont Dolenteko korridore zailak. Gainera, muturreko eskian ere buru belarri aritzen da, eta, besteak beste, aukera izan du Les Courtesko “Couloir Angelique” edo Aiguille de Mesureko iparraldeko murrua jaisteko. Van de Berg, berriz, zertxobait gazteagoa da: 29 urte ditu. Herbeheretarrak ere oinarri sendoa du eskalada alpino tekniko eta mistoetan. Alpeetan eskalatzeaz gain, duela hiru urte hiru bide berri zabaldu zituen Kirgizistanen eginiko espedizio batean.

Hori guztia aipatu eta gero, argi geratzen da bi alpinistok aurrerapausoa eman dutela euren ibilbideetan Grandes Jorassesko hegoaldeko horman biribildu duten xedearekin. Van de Bergek aurreratu du gogo handiz zela jarduera ezezagun bat biribildu eta abentura handi bat bizitzeko: «Lagun batzuei entzun nien Grandes Jorassesko hegoaldeko horma baldintza oso egokietan zegoela. ‘In memoria di Gianni Comino’ bideari buruz ez nuen informaziorik; are gehiago, marra horren berririk ez nuen. Informazioa arakatu ondoren, ikusi nuen Mont Blanc mendilerroko izotzezko marra luzeenetariko bat dela eta lehen errepikapena duela hamabi urte heldu zela. Frantsesekin harremanetan jarri eta Madozekin eta Elias anaiekin pixka bat hitz egin eta gero, bidean sartzeko sugarra piztu zitzaidan».

Jardun oso luzea

Estrategiaren inguruan, bi alpinistok argi zuten ordu txikietan Val Ferretetik bertatik hasiko zirela, hurbilketa bidea egin eta luze teknikoenak eguerdi aldean gainditu eta jaitsiera ahal zuten azkarren egiten saiatuko zirela. Azkenean, 30 orduko joan-etorria izan zen.

Hiru ordu behar izan zituzten bidearen oinarriko errimaiara heltzeko. Sekzio hori ez da batere erosoa, eta Van de Bergek onartu du nahastu egin zirela: «Bide egokiena bilatzen ari ginela, Fayk zintzilik zegoen serac erraldoi batekin topo egin zuen. Ez nuen batere lasai ikusi tarte hori eskalatzen, eta urduri jarri nintzen. Une jakin batean, gainera, irrist egin eta erorikoa izan zuen. Ez zitzaion ezer gertatu, baina ezusteko handia hartu nuen. Baina Fayk jarrera irmoa hartu eta aurrera jarraitu zuen. Alabaina, bere pioletek irrist egin eta bigarren aldiz erori zen. Une horretan galdetu zidan ea neure burua ikusten nuen serac hori sokaburu eskalatzeko. Ez nengoen batere seguru, batez ere nire sokakidearen bi eroriko txar ikusita. Azkenean baietz erabaki eta serac horren aurrean jarri nintzen. Beldur nintzen, baina, era berean, oso kontzentratuta. Zorionez, metro beldurgarri horiek gainditu eta arrakala batean Fay aseguratu nuen. Banekien egin nuen zeharkaldia sokaren beste muturrean lotuta dagoenarentzat ez dela batere erraza. Bazirudien amesgaiztoa ez zela amaitzen; izan ere, berriro ere, Fay sokatik zintzilik geratu zen. Martxan jarri eta, azkenean, bilerara heldu zen».

“In memoria di Gianni Comino” bideak ez zizkien gauzak erraztu. Lehen metro horiek gauez egin zituzten, eta oraindik jarduera luzea zuten aurretik. Pixkanaka, marraren lehen luzeak gainditzen joan ziren. Aurreko asteetako eguzkiak izotza asko hondatu zuela egiaztatzeko aukera ere izan zuten.

Bi protagonistok luze zailenak eskalatzen ari ziren; besteak beste, WI4 eta M4 mailakoak. Bat-batean, tarte horietan zeudela, eguzkia agertu zen: «Nahiz eta neguan egon, giroa epeldu zuen. 200 metro eskalatu ondoren, Fay sokaburu jarri zen. Lehen errepikapeneko argazkiak ikusi eta konturatu ginen aurretik genituen luze teknikoetan askoz ere izotz gutxiago zegoela. Beraz, mistoa nagusitu zen. Hurrengo luzeetan asko gozatu genuen. Lehen iltzea ikusi eta, bat-batean, aurretik genuen eskalada gogortu egin zen. Mistotik izotzera igaro eta ahal nuen bide egokiena bilatzen jardun nuen. Goitik, gainera, arroka batzuk erortzen ziren».

Bi emakumeok osatutako sokada atzera egiteko aukera ematen ez duen puntu batera iritsi zen. Aldez aurretik ezarritako estrategia aldatu behar izan zuten; izan ere, berandu zen: «Ia ordu biak ziren, baina Fayk aurrera jarraitzeko erreguka hasi zitzaidan. Eskaladarekin oso emozionatuta nengoen ni neu ere, eta, lo-zakuak eraman genituenez, lasaitasun osoarekin metro gehiago igotzen jarraitu genuen. Hirondellesko ertza gertu zegoenean, bat-batean, haizea zakartzen hasi zen. Eguzkiak ez zuen behar beste berotzen, eta txaketa guztiak jantzi genituen. Ia gauerdia zenean, ertzera iritsi ginen. Haizeteen ondorioz, hotz izugarria genuen. Gailurra egin eta gero, 2.600 metroko jaitsierari ekin genion. Zazpi ordu behar izan genituen Boccaletteko aterpera heltzeko. Azken rappela egin eta onik iritsi ginen aterpera».

Bi alpiniston jarduera 30 ordukoa izan zen guztira. “Helmugara” erabat nekatuta eta deshidratatuta heldu ziren biak: «Behin guztia amaituta, Courmayeurko pizzeria batean eserita ginela, ohartu ginen ‘In memoria di Gianni Comino’ bideak sekulako ahalegina eskatu zigula. Abentura handia izan zen, eta ditugun sentsazioak deskribaezinak dira ia-ia. Tontorreko haizeteen ondorioz, hatzetan izozte arin batzuk ere izan genituen. Baina ez dira garrantzitsuak».